Negozio berrientzako eta merkataritza lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzen deialdia egin du Hondarribiko Udalak

Antxeta Irratia 2026ko maiatzaren 13a

Hondarribiko jarduera komertziala eta ekonomikoa sustatzeko laguntzak ekainaren 15era arte eska daitezke BAZen. Enpresa proiektu berriak laguntzeko 5.000 euro artekoak, eta dagoeneko martxan dauden establezimenduen modernizazioa bultzatzeko 8.000 euroko laguntzak eskaintzen dituzte. Haatik, Alde Zaharrean kokatutako establezimenduen kasuan laguntza handiagoa izan daiteke.

Hondarribiko Udaleko Merkataritza eta Turismo arloak herriko komertzioen modernizazioa eta sektorearen negozio proiektu berrientzako bi dirulaguntza lerro eskaintzen ditu. Batetik, ekintzailetza sustatzeko laguntzak daude, enpresa ekimen berrien hasierako gastuei aurre egiteko. Besteak beste, eraketa gastuak, komunikazio eta publizitate gastuak, webguneen eta sare sozialen garapena, aholkularitza teknikoa, Autonomoen Gizarte Segurantzako kuotak edo lokalaren lehen alokairuak ordaintzeko laguntzak barne hartzen ditu. Hondarribiko Udalak aditzera eman duenez, horretarako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 5.000 eurokoa izango da. Baina proiektu berria Alde Zaharrean kokatzen baldin bada, 6.000 eurotara igo ahal izango da.

Bestetik, merkataritza eta zerbitzu establezimenduen modernizaziorako laguntzak daude, berrikuntza, digitalizazioa eta lehiakortasuna sustatzeko helburuarekin. Kasu honetan, lokalaren eraberritze lanak, ekipamendu berriak, digitalizazioarekin lotutako tresnak edo komunikazio eta marketin zerbitzuak finantzatu ahal izango dituzte. Laguntzak onartutako inbertsioaren %50era iritsi ahal izango dira, gehienez 8.000 euroko mugarekin. Eta Alde Zaharreko establezimenduen kasuan ere, salbuespena egingo dute, laguntzaren gehienezko muga 10.000 eurotaraino emendatzeko aukera aurreikusten baitu udalak.

Laguntza hauek guztiak eskatzeko, Herritarren Arreta Zerbitzuan (BAZ) edo Udalaren Erregistro Elektronikoaren bidez egin beharko da ekainaren 15era arte. Informazio guztia eta eskaera egiteko dokumentazioa Hondarribiko Udalaren webgunean dago eskuragarri.