Kemen dantza taldeak 2007 urteaz geroztik ospatzen duen Hondarribia Dantzan jaialdia antolatu du maiatzaren 20tik 24ra bitartean. Baina hilaren 12tik euskal dantza taldeak dituen Euskal Herri osoko euskal dantza ohitura eta jantzien bilduma oparoa ikusgai jarri ditu Arma Plazan. "Inauteri garaiko dantza, tradizio eta jaien jantziak" izeneko erakusketa astelehenetik larunbatera 10:00etatik 19:00etara bisita daiteke interpretazio zentroko goiko solairuan. Eta igandean 10:00etatik 14:00etara. Euskal Herriaren luze zabalean ospatzen diren euskal inauterien jantziak ikusteaz gain, usadioen eta dantza ezberdinen azalpenak ematen dituen bideo dokumental bat ere proiektatzen dute bertan.
Bestalde, 2020ko edizioa izan ezik, pandemia zela eta online formatuan ospatu zutela, urtero egin ohi duten bezala, herritarrei eta bisitariei euskal dantzak eta ohiturak gertutik bizitzeko aukera emango du Hondarribia Dantzan jaialdiak. Izan ere, euskal dantzaren aniztasunaren irudiko, herriko kaleak eta plazak hartuko ditu euskal dantzak hainbat egunez. Era berean, belaunaldi berrientzako transmisio espazio garrantzitsua dela dio Kemen dantza taldeak. Horretarako, zenbait hitzaldi eta proiekzio ere proposatuko dituzte.
Maiatzaren 20an, 19:00etan, Thierry Truffaut antropologo baionarrak "Ihauteri: ilunpetik argira" hitzaldia emango du Kultur Etxean. Eta maiatzaren 21ean, ordu eta leku berean, "Anarru egune" dokumentala eta ondoko mahai-ingurua proposatzen dute. Asteburuan, aldiz, dantzak girotuko ditu Hondarribiko kaleak.
Maiatzaren 22an, Kemen dantza taldearen emanaldia egingo dute Santa Maria Madalen plazan (19:30etan). Eta hilaren 23an, larunbata, kanpotik gonbidatutako dantza taldeekin topaketa egingo dute. Portua auzoko Madalen plazan Oñatz (Oñati, Gipuzkoa) eta Tambarria K.E. (Corella, Nafarroa) dantza taldeak ariko dira 19:00etatik aurrera. Egun handia, aldiz, maiatzaren 24an izango da. Hondarribia Dantzan jaialdia Dantzari Txiki Egunarekin borobiltzen baitute urtero, eta Adaxkako harrobiko dantzari txikienak Kemeneko helduekin batera ibiliko dira 11:00etatik aurrera herrian zehar dantzan. Haiekin batera, herriko txoko ezberdinetan Lurra (Urretxu, Gipuzkoa) eta Begiraleak (Donibane Lohizune, Lapurdi) dantza taldeek ere parte hartuko dute. Eta haiekin batera, Hondarribiko Musika Eskolako dantzariak eta Oiartzungo erraldoiak ere ibiliko dira kalejiran.
Hilaren 24a arte bisita daiteke euskal inauterietako jantzien erakusketa Arma Plazan.