Apirilaren 30eko udal osoko bilkuran EAJko Maria Serrano bozeramaileak (ordubete eta 6. minutuan) Finantza kontrolaren emaitzaren berri emateko 5. puntuan egindako adierazpenen aurrean, Hondarribiko Udalak beharrezkotzat jo du gauzak argitzera jendaurrera agertzea. Udal gobernukideen babesarekin, Igor Enparan alkateak 2025 urteko udal aurrekontuen ordainketei buruz jeltzaleek egindako baieztapenak gezurtatu ditu gaur egindako agerraldian, eta «errealitatea desitxuratzen duen informazioa herritarrei helaraztea oso larria» dela leporatu dio Maria Serranori.
Hondarribiko Udalak ordura arte kudeatutako aurrekonturik handiena izan zuen 2025 urtean. Eta egindako 30,2 milioi euroko gastuen ordainketei dagokienez, EAJko ordezkariak (2027ko udal hauteskundeetarako alkategai denak) adierazi zuen «12,8 milioi eurotik gorako espedienteak kontu-hartzailearen eragozpen edo kontrako txostenekin» ordaindu direla. Serranok udalbatzan aitortu zuen «kontu-hartzailearen erreparoak ez dituela ordainketa horiek ilegal bilakatzen», eta «oso titular erakargarriak» egin ditzaketela esanez, EAJ-PNV gobernuan zenean gertatzen zela eta orain ere gertatzen dela aitortu zuen.
Udal espedienteen datu objektiboak
Udal gobernuak, aldiz, gogor kritikatu du jeltzaleen jokamoldea. «Adierazpen horiek, ez datoz bat inondik inora errealitatearekin, ez espedienteetan jasotako dokumentazio ofizialarekin, ezta kontu-hartzailetzako txostenen edukiarekin ere», argitu du Enparanek. Alkateak gogoratu duenez, Maria Serranok udalbatzan egindako adierazpenen arabera, gastuen %42a kontrako txostenekin ordaindu dira, baina %2 besterik ez dela izan segurtatu du espedienteen txostenak aurkeztuz.
Antxeta Irratiak egiaztatu ahal izan duenez, zehazki, orotara 40 ordainketa izan dira 2025ean kontu-hartzailearen erreparoa jaso dutenak, eta horietariko asko «aurreko agintalditik datorren herentziatik» konpondu beharreko izapidetzeen ondorioz dela argitu du. Alkateak esan duenez, 700.000 euro baino gutxiago suposatu dute aipatutako ordainketa horiek, eta ez jeltzaleek adierazi dituzten 12,8 milioi euroak. «Gezurra da, eta objektiboa da, %98a aldeko txostenekin jaso delako, eta gauza bat da kontu-hartzailea, baina arkitektoa edota kulturako teknikarien interpretazioa ere hor dago, eta tramitazioan iritzi ezberdinak izan ditzakete», azaldu du, kasuen %2an horrela eman dela argituz, «baina Hondarribiko Udalak ordaindu dituen 30,2 milioi euro horiek, denek daukate teknikariaren txostena esanez ordaindu egin behar direla, lanak burutu direla, egoki burutu direla eta udalak ordaindu behar duela».
Oposizioaren jokamoldea
Hortaz, zintzotasuna eskatu dio udal gobernuak oposizioko talde nagusiari. Izan ere, kasu zehatz honetatik haratago, oposizioa egiteko modu jakin baten aurrean kezka agertu du alkateak. «Aurreko urtean eztabaida berdina izan genuen, eta uste genuen emandako datuak akats baten ondorio izan zitezkeela, baina ez da praktika politiko ona, izan ere, datuen txostenak daude» gogoratu du Enparanek. «Desadostasunak legitimoak dira, eta kritika beharrezkoa da erakunde publikoen kontrol demokratikoa egiteko eta eztabaida eraikitzailea eta serioa egiteko, baina datu partzialak, interpretazio okerrak edo zuzenean gezurrak esaten dituztenean, ez da kritika politiko bat, guk ulertzen dugu erakunde publikoa kaltetzeko egiten direla», esan du alkateak.
Alde horretatik, Hondarribiko Udala zein beste erakunde publikoen sinesgarritasuna eta irudia defendatuko duela hitzeman du. Bere ustez, jokamolde honek ez du soilik udalaren irudia kaltetzen, herritarrak ere hunkitzen dituelako. «Hondarribiak ez du merezi etengabeko distortsioan eta konfrontazioan oinarritutako politikarik, herritarrek oposizio arduratsua merezi dute, zorrotza izango dena, baina egia gehiago, errespetu gehiago eta udalgintza hobeagoa merezi dugu», azpimarratu du.
Horiek hala, Hondarribiko gobernu taldeak alderdi guztiei arduraz eta zintzotasunez jokatzeko deia egin die, politika egiteko modu «serio, garden eta eraikitzaile baten aldeko konpromisoa, herritarren ongizatea eta udal erakundeen prestigioa lehenetsiz».