Hondarribiko Udalak herritarrekin «zubi berri bat» eraiki berri du. Proiektua duela ia bi urte hasi zela aditzera eman du Igor Enparan alkateak. Hainbat eragile sozial, kultural eta instituzionalekin egindako lanketa prozesu baten emaitza baita APP berria. Gaur egungo ohitura digitalek tresna berri honen beharra agerian utzi dutelakoan dago alkatea. «Gaur egun kontsulta eta kudeaketa gehienak mugikorretik egiten ditugu, eta horrek argi erakusten du beharrezkoa zela herritarrei informazioa eta udal zerbitzuak modu eroso eta zuzenean eskaintzeko aplikazio bat edukitzea», esan du.
Alde horretatik, erabilgarritasuna lehenesten duen tresna bat diseinatu dutela argitu du. Eta tresna berriak herritarrei informazioa, zerbitzuak eta udal jarduera modu bateratu, azkar eta irisgarriago batean eskaintzen die. Helburua da «herritarrak informazioaren erdigunean jartzea eta udalaren komunikazioa modu eraginkorragoan antolatzea», azpimarratu du Enparanek.
Estitxu Urtizberea alkateordeak adierazi du informazioa modu argi, eraginkor eta bateratuan jasotzea funtsezkoa dela, eta horretarako «aplikazio honek herritarrak udalera gehiago gerturatzea eta komunikazioa erraztea» helburu duela. Irizpide hori jarraituz, aplikazioaren ezaugarri nagusietako bat agenda bateratua izango da. Bertan, Hondarribiko Udalaren ekitaldi ofizialez gain, herriko ikastetxeetako guraso elkarteek, kultur, kirol eta gizarte eragileek euren jarduerak ere argitaratu ahal izango dituzte. «Hondarribian agenda zabala izaten da, eta uste dugu ezinbestekoa dela, ez bakarrik udalak antolatutako ekintzak, baizik eta herriko eragileek bultzatutakoak ere bertan jasotzea», adierazi du Igor Enparanek.
Era berean, APPak udalaren komunikazio ofiziala zentralizatuko du. Herritarrek, azken albisteez gain, aurretiazko hitzorduak eskatzeko aukera, iragarki-taula digitala, sarreren erosketa, udal zerbitzu eta bulegoetako informazioa, eta bideo atalarekin batera, udal osoko bilkurak zuzenean jarraitzeko aukera eskainiko du.
Udal agintariek iragarri dutenez, APPa ez da tresna itxia, eta beraz, garatzeko aukera izango du aurrerantzean funtzionalitate berriak gehituz. Herriko elkarte eta eragileentzako "Elkarteak" izeneko espazio propioa sortu baita aplikazioaren barruan, herriko taldeek euren informazioa, kontaktuak eta jarduerak partekatu ahal izateko. Era berean, herritarrek elkarte horiek jarraitzeko eta bertan parte hartzeko aukera izango dute, herriko sare sozial eta kulturala indartuz. Bestalde, inkestak, galdetegiak eta kontsulta publikoak aktibatzeko aukera ere aurreikusten dute, baita ekitaldietarako gonbidapenak QR kode bidez zuzenean aplikazioan jasotzea ere.
Aplikazioa dagoeneko eskuragarri dago App Store eta Google Play plataformetan.