2023ko irailean, Hondarribiko ikastetxe guztietan, HH, LH eta DBHko haur eta gazteen hizkuntza asertibotasuna, kontzientzia linguistikoa eta hizkuntza portaera ekologikoak lantzeko proiektu integralaren diseinua abiatu zen. Epe luzerako proiektu honen helburua herriko gazteen hizkuntza kontzientzia eta hizkuntza portaeran eragitea da, hizkuntzen kudeaketa egoki bat landuz, eta euskararekiko atxikimenduari eusteko. Izan ere, 2021ean Soziolinguistika Klusterrak (2026ko udazkenean enkargatu dute hurrengoa) herrian egindako azken kale-entzuketaren arabera, herriko gazteen %10ak baino ez du kaleko egunerokoan euskaraz egiten.
Ikastetxeak giltzarri direla ulertuta, ikasleekin ez ezik, irakasleen ahalduntzearekin batera, ikasgelako esku-hartzeen diseinuan eta landu beharreko edukia josiz, unitate didaktikoak egokitu dituzte, praktikarako metodologia egokiekin. Egitasmo honi 'Billaba' izena jarri diote, eta hirugarren ikasturte da martxan dutela. Euskara Saileko Garoa Lekuona hautetsiak egiten duen balorazioa baikorra da, «herriko hiru ikastetxeetan modu bateratuan lantzen ari delako».
Alde horretatik, hizkuntza kontzientziazio proiektu integralaren baitan, ikastetxeetatik kanpora atera da aurten Billaba ekimena. Eta Txispumeko begiraleekin batera, Billaba Eguna ospatu zuten maiatzaren 14an. Hainbat talde-dinamika eta jolas egin zituzten ikastetxe ezberdinetako ikasleek, «elkar ezagutzeko, harreman berriak sortzeko eta euskaraz, giro atsegin eta alaian, gozatzeko aukera emanez». Izan ere, hizkuntzaren lanketaz harago, proiektuak HH, LH eta DBH etapetarako adin bakoitzera egokitutako eduki eta dinamika espezifikoak lantzen ditu. Bereziki LH5eko eta DBH1eko saioetan, hizkuntza-ohiturez gain, herriaren inguruko ezagutza, tokiko erreferenteak eta ikasleen arteko lotura komunitarioa landu dituzte, herri nortasuna eta elkarbizitza indartzeko helburuarekin.
Garoa Lekuonak azaldu duenez, «epe luzerako eta izen luzeko proiektu horri BILLABA izena jarri diogu, herriko hizkeran bihurria esanahi duela, euskara jostagarri ere izan daitekeela adierazteko». Alde horretatik, haurrek eskolan euskaraz egiten duten arren, udal ordezkariaren arabera garrantzitsua da hizkuntza hori aisialdira, jolasera eta beste ikastetxeetako ikasleekin dituzten harremanetara ere eramatea. «Proiektu honen bidez ikusi dugu euskararen erabileraren inguruan eskolen arteko aurreiritziak badaudela. Horri aurre egiteko eta harresi horiek apurtzeko antolatu genuen elkarrekin gozatzeko goiz hau, euskararekin lotura emozionalak sortzeko», argitu du Lekuonak.
Hartara, gazteek euskararekin lotura positiboak eraikitzen jarraituko dute Udal Euskara Zerbitzutik. Epe luzerako proiektua da, eta horretarako, ikastetxeekin elkarlanean ari dira ikasgelako esku-hartzeak garatzen. Horien bidez, gogoetarako espazioak sortzen dira, eduki pedagogikoak lantzen dira eta praktikara bideratutako metodologia berriak txertatzen dira. Era berean, DBH-4ko ikasleekin soziolinguistika saioak egiten dira, hizkuntza-aniztasuna, hizkuntza-jarrerak eta hizkuntza-portaerak lantzeko helburuarekin.