Hondarribiko Udalak 2026ko “Hondarribia Sormen Hiria” bekaren aurtengo irabazleak jakinarazi ditu. Aurtengo edizioan guztira sei proiektu aurkeztu dira, eta epaimahaiak bi proposamen saritzea erabaki du, bakoitzari 6.560,55 euroko beka emanez.
Saritutako proiektuak Ane Gomez Landaren “Baratza Bizia” eta Judas Arrieta artistaren “Otaku baten margoak / Otaku no canvas” izan dira. Idoia Seijo eta Jonan Basterretxea epaimahaikideen esanetan, aurtengo deialdiak "sorkuntza garaikidearen indarra eta aniztasuna" erakutsi du. Izan ere, aurkeztutako proposamenek diziplina eta hizkuntza artistiko oso ezberdinak landu dituzte: arte plastikoak, ikus-entzunezkoak, ehungintza, literatura, dokumentala edo argazkigintza, besteak beste. "Gainera, proiektu askok ikerketa, memoria kolektiboa, herritarren parte-hartzea eta lurraldearekiko lotura izan dituzte ardatz”, adierazi du Seijok.
Aurkeztutako lanen maila artistikoa oso handia izan dela nabarmendu du Basterretxeak. “Benetan interesgarriak eta ausartak diren proposamenak ikusi ditugu. Ez bakarrik kalitate teknikoagatik, baita planteatzen dituzten begirada berritzaileengatik eta erabilitako metodologiagatik ere", azpimarratu du. Alde horretatik, lan askok gaur egungo kezka sozial eta kulturalak modu pertsonal eta originalean jorratzen dituztela argitu dute.
Ortzi Alonso kultura zinegotziak deialdia urtez urte sendotzen ari dela nabarmendu du, gero eta argiago geratzen ari da nere ustez, sormen bekek espazio baliotsua eskaintzen dietela sortzaileei euren ideiak garatzeko. Herriko sortzaileei aukerak eskaintzeaz gain, herriko kultura ekosistema bizi eta dinamikoa eraikitzeko helburuekin bat egiten duenez, ekimenak jarraipena izango duela argitu du. Aurtengoari dagokionez, "aurkeztutako proposamen askok tokiko errealitatetik abiatu arren, gaur egungo gai unibertsalekin konektatzeko gaitasuna” dutela azpimarratu du.
Saritutako proiektuei dagokienez, Ane Gomez Landaren “Baratza Bizia” proposamena bere dimentsio sozial eta komunitarioagatik nabarmendu dute. ”Proiektuak modu koherentean uztartzen ditu ikerketa, sorkuntza plastikoa eta ikus-entzunezko narratiba, eta balio handikoa da tokiko memoriaren aktibazioan eta herritarren parte-hartze egituratuan”, nabarmendu du Jonan Basterretxeak.
Bestalde, Judas Arrieta-ren “Otaku baten margoak / Otaku no canvas” proiektua bere izaera garaikideagatik eta nazioarteko testuinguruarekin duen elkarrizketa gaitasunagatik baloratu du epaimahaiak. Idoia Seijok azaldu duenez, “sorkuntza-prozesu esperimentala eta irekia planteatzen du, eta praktika artistikoa eta testuinguru kulturalak konektatzen ditu". Halaber, nazioarteko proiekzioa ere balioan jarri dute.