Bikingo Eguna ospatuko dute larunbatean Butroi pasealekuan

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 4a

Igandeko Hondarribia Baltsan ekimenaren motorrak berotzeko, ur-kiroletako erdigune bilakatu den Bikingo Eguna ospatuko du HS2 Surf elkarteak larunbatean. Arratsaldean minbizia izan duten emakumeen errekuperazioan lagungarri izan den Dragon Boat proiektua, eta kirol modalitate hau izango da protagonista nagusia. Baina egun osoan zehar kirola eta inklusioa izango dira nagusi Butroi pasealekuaren inguruetan.

Datorren larunbatean, ekainaren 6an, Butroi pasealekua kirolaren, inklusioaren eta aisialdiaren epizentro bihurtuko da, Bikingo Egunaren XVIII. edizioa ospatzeko. HS2 Surf elkarteak antolatuta eta Hondarribiko Udalaren laguntzarekin, ekitaldiak adin guztietako herritarrei zuzendutako egitarau zabala eskainiko du egun osoan zehar.

Jardunaldia goizean hasiko da Gipuzkoako Stand Up Paddle (SUP) Txapelketarekin. Iñaki Navascues antolatzaileak azaldu duenez, «itsasadarraren, hondartzaren eta itsaso zabalaren artean egiten den ibilbideak izaera berezia ematen dio lehiaketari, eta maila desberdinetara egokitutako kategoriak antolatzeko aukera eskaintzen du». Izan ere, proba amateur eta elitekoez gain, ohiko Txiki SUP proba ere antolatu dute 14 urtera arteko haurrei zuzendua. Era berean, SUP egokituko kategoria ere izango da. Argitu dutenez, Txiki SUP Kai Zaharrean egiten den zirkuitua da, eta buiak eta monitoreak izango dituzte lagun une oro.

Balore sozialak kirolean

Bestalde, 17:00etatik 20:00etara, Dragon Boat modalitatea izango da protagonista. Hondarribian gero eta indar handiagoa hartzen ari den kirol honek Zaragoza, Getxo, Donostia eta Hondarribitik etorritako ehun parte-hartzaile baino gehiago bilduko ditu aurten. Gehienak emakumeak dira, eta haietako asok bularreko minbizia gainditu ondorengo errekuperazio prozesuan lagungarri izan zaie arraunean aritzea. Zentzu horretan, Dragon Boat proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu zuen Hondarribian abian jartzeko, eta emakume hauen ongizate fisikoa eta emozionala sustatzeko tresna bilakatu da.

Jaialdiak halako lau ontzi izango ditu, aurreko edizioan baino bi gehiago. «Adin eta profil askotako pertsonek hartzen dute parte kirol honetan, eta horietako askok ez dute aurretik itsasoarekin harreman esturik izan. Hemen, garrantzitsuena denok batera arraun egitea da», azpimarratu du Navascuesek. Arratsaldeko protagonista nagusia Dragon Boat modalitatea izango bada ere, publiko guztiari zuzendutako hainbat jarduera izango dira ere: surf skate, kartak, aurpegi-pintaketa, globoflexia, eta abar.

Lupe Queiruga Kirol zinegotziak azpimarratu du Hondarribiko Udalak kirol-jarduera sustatzeaz gain, «parte-hartzea, berdintasuna, inklusioa eta bizi-ohitura osasungarriak bultzatzen dituzten ekimenekiko konpromiso irmoa» duela. Alde horretatik, kirola sustatzeko eta udalerriko kohesio soziala indartzeko ekimenak babesten jarraituko duela adierazi du. Eta konpromiso horren irudiko, Bikingo Egunaren antolakuntza urtero ematen duen laguntza da. Gainera, HS2 elkarteak planteatutako hainbat beharri erantzun die, besteak beste, Dragon Boateko ontziak garraiatzeko atoi bat erostea, adibidez. Bestalde, klubarekin lagapen-hitzarmena sinatu dute garaje baten erabilerarako, kirol-materiala gordetzeko espazio egokia izan dezan.