San Pedro kaleko platanondo ugari hilzorian daudenez, udazkenean ordezkatu aurretik segurtasun neurriak hartuko dituzte orain

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 5a

San Pedro kaleko hainbat platanondo hilda edo hilzorian daude, eta udazkenean ordezkatu beharko dituztela iragarri du Hondarribiko Udalak. Aurretik, aldiz, herritarren segurtasuna bermatzeko neurriak hartuko dituzte, eta ekainean kimaketa bortitzak egingo dituztela iragarri dute adarrak erortzea edota ezbeharrak saihesteko. Bertan dauden 174 platanondoen azterketa sakona egin dute, eta horietarik 50 osasun egoera kaxkarrean daudela ondorioztatu dute.

Hondarribiko Udaleko Ingurumen eta Hirigintza zerbitzuek hirigunean dauden 1.500 zuhaitzen azterketa sakona egin dute. Urteroko kimaketa eta mantentze lanetaz harago, zuhaitzen osasun egoeran erreparatu nahi izan dute oraingoan. Eta adituen diagnostikoaren arabera, San Pedro kaleko platanondoekin kezkatua azaldu da Estitxu Urtizberea Hirigintza ordezkaria. Argitu duenez, 2012 urtean Portua auzoko zaharberritzeko urbanizazio lanen ondorioz «asko sufritu zuten» zuhaitz hauek.

Udalak arbolen ongizatea bermatzeko neurriak hartu zituen orduan, baina lur azpiko lanak egiterakoan sustraiak hunkitu zituzten, eta zenbait zuhaitz ordezkatu egin ziren bitartean, beste platanondo batzuk ez dute aurrera egin. «Zuhaitzek arazoak izan dituzte goitik eta behetik», argitu du Urtizbereak. Adituen esanetan, urteetan zehar egindako urbanizazio-lanek sustraien garapena baldintzatu dute, lurpeko espazioa eta uraren zirkulazio naturala mugatuz. Bestalde, kimaketa eta mantentze politikak gizakiaren faboretan kudeatu izanak ere eragin du zuhaitzen osasunean. «Gizakiok zuhaitzei eskatzen diegu udan itzala eman dezatela, baina udazkenean hosto gutxi aska dezaten, eta mantentze lanak ez dira beti garai egokienetan egiten edo kimaketa kaltegarriak egiten dira».

Hala, orain egin duten azterketan jabetu dira San Pedro kalean dauden 174 platanondoetatik 50 osasun egoera txarrean daudela. Eta bereziki 14 zuhaitz kinka larrian daude. «Horietatik lau platanondo hilzorian edo hilda daude, eta kendu egin beharko ditugu, baina udazkenera itxaron behar dugu, hauek ordezkatzeko zuhaitz berriak landatzeko garai egokiena urria edo azaroa delako», azaldu du zinegotziak. Udalak azpimarratu du neurri hori ez dela zuhaitzak kentzeko politika baten ondorio, baizik eta zuhaitz ondarea babesteko diseinatutako plan integral baten barruko esku-hartze puntuala

Horregatik, eta herritarren segurtasuna bermatzeko, gaixorik dauden lau zuhaitz kenduko beharko dira neguan. Hala ere, ekainean zehar hainbat esku-hartze egingo dituzte herritarren segurtasuna bermatze aldera. Urtizbereak argitu duenez, «kimaketa bortitzak egingo dira 14 zuhaitzetan, eta hilda dauden lau horiek apeatu egingo dira, adarren erorketak eta ezbeharrak saihesteko». Era berean, osasun egoera kaxkarrean dauden 50 zuhaitz daudela kontuan hartuta, udalak ez du platanondo gehiago kendu beharko ote duten baztertzen. Mantentze eta zaintza lanak egingo dituzte, baina ezin da bermatu aurrera egiterik izango duten, eta beraz, aurrerantzean jarraipena egin eta, oraingoan bezala, «erabaki zailak hartzera behartuak» egon daitezke.