Hondarribiko Udalak “Hiriko zuhaitz berezien ibilbidea” aurkeztu du, hiriko natura-ondarea ezagutzara emateko eta biodibertsitatea balioan jarri nahian. Hirigunean 1.500 zuhaitz baino gehiago daude, eta proiektuak hirian zehar banatutako 18 zuhaitz berezi lotzen ditu, 9 gunetan antolatuta, aisialdia, ingurumen-hezkuntza eta ondare naturalaren dibulgazioa uztartuz. Garoa Lekuona Ingurumeneko zinegotziak azaldu duenez, «gaur egun zuhaitz deitzen diegu denei, eta jende askok ez daki haritza, ezkia, lizarra, platanondoa edo magnolioa den identifikatzen, eta proiektu honekin herritarrek eta bisitariek hiriko parke, plaza eta etorbideetan kokatutako zuhaitz adierazgarriak ezagutzeko aukera izango dute».

Ibilbideak izaera interaktiboa ere badu. Zuhaitz bakoitzean QR kodeak jarri dira, mugikor bidez eskaneatuta espezie bakoitzaren inguruko informazioa eskuratu ahal izateko: jatorria, ezaugarriak, adina eta bestelako bitxikeriak. Alde horretatik, ibilbidean espezie autoktonoak zein exotikoak aurki daitezke, eta hautaketa udal lorezainek proposatu dute, batzuk ehun urtetik gorako ale historikoak direlako, eta beste batzuk etorkizuneko hiri-paisaiaren parte izango diren zuhaitz gazteagoak.
Zuhaitzen funtzio isila
Hondarribiko Udala hiriko zuhaitzen kudeaketa plan integral batean lanean ari da. Izan ere, zuhaitzek funtsezko eginkizuna dute hiri-jasangarritasunean. «Sinetsita gaude ez direla apaingarri hutsak, airearen kalitatea hobetzen dute, beroa eta zarata murrizten laguntzen dute, biodibertsitatearentzat babesgune dira eta herritarren ongizate fisiko eta emozionalean eragin zuzena dute», azaldu du Garoa Lekuonak.
Hartara, «begirada zorroztu» eta haiei begiratzeko modua aldatu nahi du udalak, oharkabean pasa ohi zaigun bidelagunak ditugulako hirigunean. Hondarribiko Udalaren arabera, “Zuhaitzen hiri ibilbidea” eta zuhaitzak zaintzeko plana apustu beraren parte dira: hiri berdeago, bizigarriago eta jasangarriago baten aldeko konpromisoa.