Hondarribia emakumezkoen futbolaren erdigune bilakatuko da asteburuan

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 9a

Tximist Cup nazioarteko txapelketak bere hamargarren edizioa ospatuko du ekainaren 12tik 14ra Ondartza kirolgunean. Emakumezkoen futbola hastapenetik bultzatu zuen Juan Carlos Samaniego 'Tximist' zenaren omenezko memorialak goi mailako 10 klubetako 14 eta 17 urtez azpiko neskak jarriko ditu lehian; Reala, VfL Wolfsburg, Manchester United, Real Madrid eta FC.Barcelona besteak beste.

Juan Carlos Samaniego 'Tximist' zenaren omenezko Tximist Cup memorialak bere hamargarren urteurrena ospatuko du Hondarribian ekainaren 12tik 14ra. Nazioarteko emakumezkoen futbol txapelketa honetan 14 eta 17 urtez azpiko kategorietako nazioarteko hamar klubek parte hartuko dute. Orotara 300 bat kirolari bilduko dira Hondarribiko Ondartza futbol zelaian. Eta hasierako urteetan areto futboleko txapelketa gisa planteatu zuten arren, urteen poderioz sona handia lortu du hitzorduak, eta gaur izen handiko klubak animatzen dira ohiko futbol handian. U17 mailakoek Ondartzako belarrezko zelaian jokatuko dituzte partidak, eta aldi berean, U14 kategoriakoek belar artifizialezkoan ariko dira. 

Aintzane Encinas Realeko futbolari ohia dabil antolatzaile lanetan memorial honen hastapenetik. Eta aurkezpenean iragarri duenez, aurtengoan Reala, Eibar eta Alaves euskal taldeez gain, Sporting Clube (Portugal), VfL Wolfsburg (Alemania), Hammarby IF (Suedia), Manchester United eta Queens Park Ladies (Ingalaterra), Real Madril (Espainia) eta FC. Barcelona (Katalunia) taldeen presentzia izango du aurtengoan. Asteburuan Hondarribiko Ondartza futbol zelaia emakumezkoen futbolaren erdigune bilakatu da.