2025/26 denboraldia bukatu berri da eta Bidasoaldeko futbol talde nagusiek ere euren lan guztiak borobildu dituzte. Horietako batzuek mailaz igotzea lortu dute gainera, tartean Real Union Rocak edo Hondarribiak. Azken honen kasuan, emaitza bikainak eskuratuta, gizonezkoen Gorengo Erregional mailako taldeak mailaz igotzea lortu du eta, zortzi urteren ondotik, Ohorezko Erregional mailara bueltatuko da. Taldearentzat, zaleentzat eta herriarentzat aurrerapauso handia izanen da erregionalen maila gorenean aritzea, sinetsita baitaude hori dela hondarribiarren lekua. Heldu den denboraldian beraz, hor mantentzeagatik borrokatzea izanen da euren helburu nagusia.
Maiatzaren 23an jokatu zuen Hondarribiko gizonezkoen Gorengo Erregional mailako taldeak denboraldiko azken partida, eta erosotasunez egin zuen hori, ordurako bazekielako mailaz igoko zela. Aurreko jardunaldietan Ostadar bere aurkari zuzenaren partidei arretaz begiratu zieten Hondarribiko taldekoek eta lortu zituen emaitza kaskarrak ikusita, matematikoki, denboraldia lidergotzan bukatuko zutela ziurtatu zuten, Ohorezko Erregional mailara igoera zuzena ere lortuz. Hori gutxi balitz, mailako finala ere jokatzeko aukera izan zuten eta bertan, Kopa poltsikoratu zuten hondarribiarrek Aloña Mendi taldearen kontra. Garaipenez jositako denboraldia burutu dute beraz, eta guztiak pozik daude egindakoagatik. Javi Etxebeste taldeko entrenatzaileak onartu duenez, “hiru aste daramagu parrandan. Afariak eta meriendak egin ditugu jokalariekin, gurasoekin eta asteburu honetan ere Logroñora goaz elkarrekin ospatzera. Oso kontent gaude helburua lortu dugulako”.
Hain zuzen ere, Hondarribiak hori zuen 2025/26 denboraldiko helburu nagusia: mailaz igotzea. “2018an taldea jaitsi egin zen eta urte zail batzuk izan ditugu. Pasa den urtean jokalari garrantzitsu batzuk etortzea lortu genuen” eta horiekin mailaz igo direla azpimarratu du Etxebestek. Hala ere, Jon Agirre taldeko prestatzaile fisikoak aitortu du hasieran “isilpean” mantendu zutela mailaz igotzeko nahia, jokalariei “presiorik jarri” nahi ez zietelako, baina lehen partidetan garbi gelditu zen egindako lanak fruituak emanen zituela. “Bagenekien talde polita genuela eta fitxaketa onak egin genituela. 2006ko jokalariek ere onak ziren, Javik ongi ezagutzen zituenak. Gainera, bereziki indarra eta potentzia lantzen aritu gara aurtengo entrenamenduetan eta hori esfortzu fisikoan nabaritu da”, gaineratu du Agirrek.
Iñigo Zuzaya kapitaina izan da kanpotik etxera bueltatu den jokalari horietako bat. Azken denboraldietan, Hirugarren RFEF Mailako Pasaia taldean aritutakoa da Hondarribira esperientzia hori ekarri duena. Berak ere garbi du hasieratik Ohorezko Erregional mailan egoteko helburua zuela taldeak: “Hasieratik helburua garbi genuen. 2006ko belaunaldi hori ona zen eta guk ere lanketa handia egin dugu, aurrera joan eta sinesteko. Hala ere, talde potenteak ongi zihoazen eta guk gure bidea egiten aritu gara, pausuz pausu. Liga luzea zela genuen burutan eta luze egin nahi genuela. Zortea ere izan dugu, guk puntuak eskuratzen ez genituenean, goian zeudenek ere galtzen zituztelako eta horrek lagundu digu. Guk sinetsi dugu eta aurrera joan gara”. Horrez gain, taldekideen artean izan duten harreman onak ere eragina izan du lortutako emaitzetan Zuzayaren iritziz: “Kuadrilla bat sortu dugu. Asteburuetan elkarrekin planak egiten genituen eta asko disfrutatu dugu. Hori entrenamenduetan nabaritu dugu eta asko lagundu digu horrek ongi ibiltzeko”.
Ostadar eta Roteta Hondarribiaren aurkari gogorrenak
Hondarribiak Ostadar eta Rotetarekin izan du borrokarik latzena aurtengo denboraldian, Javi Etxebeste entrenatzaileak adierazi duenez. Hasierak beraz, ez ziren hain errazak izan: “Lehen jardunaldietan partida batzuk berdindu genituen eta Ostadarrek zortzi irabazi zituen segidan. Gabonak arte ez genuen lidergotza lortu. Ondotik bai eta bukaera arte mantendu ahal izan dugu”. 2026 urtearen hasierarekin batera, aparra bezala gora egin zuen Hondarribiak eta azken partidara helburua lortuta ailegatu zen. Etxebestek oroitarazi duenez, “geldialdia eta gero, berdinketa bat lortu genuen eta bi porrot. Hor zalantzak sortu ziren, bost puntura ginelako eta hirura hurbildu zelako Ostadar. Jon eta biok Ostadar eta Urnietaren kontrako partidaa ikustera joan ginen. Irabazten ari zen eta gu bigarren jarri ginen. Azken minutuetan ordea, galdu egin zuen eta guk lidergotza mantendu genuen, azken partida disfrutatuz”.
Guztira, 65 puntu batu ditu Hondarribiak aurtengo denboraldian, 19 partida irabazi, 8 berdindu eta 3 galduta. Ikasturtea lehen postuan bukatuta, igoera zuzena lortu zuen taldeak, baita mailako finala jokatzeko aukera ere. Aloña Mendiren kontra jokatu zuten Kopa eta, espero ez bazuten ere, herrira bueltan ekarri zuten trofeo hori. “Ez genuen espero Kopa irabaztea. Informazio gutxi genuen Aloña Mendiren inguruan. Gu lehendabizikoak ginen, baina beraiek 10 gol gehiago sartuak zituzten eta 15 gutxiago jasoak. Emaitza aldetik, hobeak ziren. Zaila izango zela bagenekien, baina helburua lortuta, disfrutatzera joan ginen, Kopa Hondarribira ekartzeko saiakera egitera”. Saiatu eta egin, garaipen hori ere lortu baitzuten maiatza bukaeran, aurkariari 1-3 irabaziz.
Presiorik gabe lehiatzea izan da hondarribiarren dinamika onaren gakoa, eta horrekin, herriaren babesa ere lortu dute aurtengoan, Jon Agirrek aipatu duen moduan: “Herriaren babes izugarria sentitu dugu. Etxeko azken partidetarako deialdia egin genuen eta herriak lagundu zuen. Harmailak beteak egon dira eta guk hori eskertu dugu, jokalariek ere nabaritu baitute. Gogoz eta intentsitate handiz aritu dira eta horrela, emaitza onak lortu ditugu”.
Zortzi urteren ondotik, Ohorezko Erregional mailara bueltan
2026/27 denboraldia berezia izanen da Hondarribiarentzat, zortzi urteren ondotik, Ohorezko Erregional maila berreskuratuko duelako. Garrantzitsua izanen da hori taldearentzat, baina baita zale eta herriarentzat ere. Prestatzaile fisikoak aitortu duenez, “biztanle asko dituzten Gipuzkoako herri gehienak hor daude eta hori da Hondarribiaren lekua ere. Zortzi urteren ondotik, dagokion lekua berreskuratu du taldeak”. “Bidaia gehiago egin beharko” dituztela ere azpimarratu du, baina hori guztia “erronka berri” baten moduan hartuko dute, “pozez eta ilusioz”.
Erregionaleko maila gorenean aritzeko taldea osatu beharko dute orain. Batzuk taldea utziko duten bitartean, bertze batzuk beraien esperientzia baliatzen segituko dute Hondarribiak, Iñigo Zuzaya bezala. Kapitainak dagoeneko ongi ezagutzen du Ohorezko Erregional maila, baita goragoko mailak ere, Hirugarren RFEF Mailan aritu baita lehenagotik Beti Gazte eta Pasaia taldeetan. Esperientzia hori taldekideekin partekatzen saiatuko da hondarribiarra: “Nik kategoria horretan jokatu dut eta hor dagoen talderen bat ezagutzen dut. Bizitakoa eta bertan bildutako jakinduria gazteagoei transmititzen saiatuko naiz”. Oraindik ere, ospakizunak tarteko, maila horretan izanen dituzten aurkariak ez dituztela gehiegi ikertu onartu du Zuzayak: “Gehien bat taldea osatzen saiatzen ari gara eta ez dakigu zer izango dugun aurrean. Maila pixka bat igo beharko dugula badakigu eta horretan aurrerapauso bat eman beharko dugu guztiok. Disfrutatu ere egingo dugu, gehiago eskatuko diguten partidak jokatuko ditugulako eta hori motibazio gehigarri bat izango da guretzat”.
Aurkarien artean, Lesakako Beti Gazte egonen da eta, aspaldiko partez, Bidasotarren arteko derbia bizi ahal izanen dute alde bateko eta bertzeko zaleek. Jon Agirrek bere jokalari garaiak oroitarazi ditu eta garaian zuten harreman ona berriz ere berpiztea espero du: “Ni jokalaria nintzenean, urtean bitan jokatzen genuen Beti Gazteren kontra. Hondarribian jokatzen genuenen, gu arduratzen ginen afaria antolatzeaz eta Lesakan, beraiek egiten zuten hori. Gure artean giro ona zegoen, behar bada, aurten hori egiteko aukera izan dezakegu”.
Entrenatzaileak eta klubeko ordezkariak heldu den denboraldirako taldea osatzeko lanetan hasiko dira laster eta Javi Etxebeste entrenatzaileak kanpoan dauden Hondarribiko jokalariei deialdi berezi bat egin nahi izan die: “Ez da erraza Hondarribira etortzea, maila handiko jokalariak Pasaia, Touring edo Real Unionera joaten direlako. Hala ere, badira herrikoak diren jokalari potenteak, kanpoan aritzen ari direnak eta horiei Hirugarren maila utzi eta herrira bueltatzea eskatzen diegu. Horrela, egonkortasuna lortu ahal izango dugu eta maila mantendu”. Hori izanen da helburu nagusia heldu den urtean: Ohorezko Erregional maila atxikitzea. Horretarako, Agirrek azpimarratu du zaleen laguntza beharrezkoa izanen dela hori lortzeko: “Kategoria bat gehiago edukitzeak edo aurten izan ditugun emaitza onek jende gehiago etortzea eragiten dute. Heldu den urtean hori gerta daitekeela uste dugu. Partidak politagoak, biziagoak eta kalitate handiagokoak izanen dira eta jendea zelaira etortzea espero dugu”. Hondarribiko jokalariekin eta Hondarribiarentzat jokatuko dute beraz, erregionaleko maila gorenean eta, emaitzak edozein direla ere, urte berezia izanen dela argi dute taldekide eta klubeko ordezkariek.