Animalien Udal Ordenantza berriak ez ditu txakurrak Hondarribiko hondartzan debekatzen

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 12a

Hondarribiko Udalak abian jarri duen Animalien Ordenantzaren jendaurreko informazio eta alegazio epearekin batera, herritarren ekarpen eta zalantza ugari jaso ditu egunotan. Bereziki txakurrak udako garaian hondartzetara sartzeko aukerari buruzkoak. Hendaiako hondartzan ez bezala (txakurrak debekatuak daude hondartzan urte osoan), Hondarribiko araudi berriaren 7.3 artikuluak aurrerantzean hondartzako guneak, ordutegiak edo zenbait baldintza ezartzea ahalbidetuko duela argitu dute, baina ez du berez debekurik ezartzen.

Herritarrek aurkeztutako alegazioetan errepikatzen den zalantza edo kexua denez, araudi berriaren 7.3 artikuluak txakurren hondartzarako sarbidea debekatzen duenik ukatu du Hondarribiko Udalak. Eta zehaztu du, etorkizunean hondartzen erabilera arautzeko aukera aurreikusten duela, baina artikulu horrek ez duela berez debekurik ezartzen, erabilera modu egokian arautzeko beharrezkoa den marko juridikoa baizik.

Horrek esan nahi du, hondartzako guneak, ordutegiak edo bestelako erabilerarako baldintzak ezarri ahal izango direla aurrerago, eta udal ordenantzak horri bide emango dio, unean uneko beharrak, bizikidetza eta interes orokorra kontuan hartuta. Hortaz, artikuluaren helburua da Hondarribiko Udalari etorkizunean, udal dekretuen bidez, hondartzen erabilera eta antolaketa arautzeko aukera ematea. 

Gure eskualdeko beste hondartza nagusian, Hendaian urte osoan debekatuta dago txakurrak hondartzan sartzea, eta poliziak 17 eta 450 euro arteko isuna jar dezake araudia aplikatuz gero. Hondarribian, aldiz, ez da horrelakorik mementoz.

Zentzuzko ekarpenak egiteko gonbidapena

Bestalde, udal ordezkariek gogorarazi dute jendaurreko informazio epean jasotzen diren alegazio guztiak banan-banan aztertzen eta izapidetzen ari direla. Lan hauek indarrean dagoen araudiak ezarritako prozeduraren arabera bideratzen ari da udala. Baina herritarren proposamenak eraginkorrak izan daitezen, eta izapidetze administratiboa kolapsatzea saihesteko, kolektiboen kasuan alegazioak banan-banan eta modu masiboan errepikatu beharrean, partekatutako iritzi eta ekarpenak modu bateratuan aurkeztera animatu nahi ditu udalak.

Alde horretatik, araudi berriaren inguruko zalantzak argitu eta gaizki ulertuak baztertze aldera, Hondarribiko Udalak informazio ofiziala eta ordenantzaren testua zuzenean kontsultatzea eskatzen die herritarrei. Eta ondo informatutakoan, ekarpenak argudiatuta eta modu egokian aurkeztea.