Hondartza denboraldia hasi da Hondarribian bainuaz oztoporik gabe gozatzeko

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 13a

Asteburu honetan estreinatu dute Hondarribiko hondartzan denboraldi ofiziala. Irailaren 13ra arte Gurutze Gorriko 13 soroslek bermatuko dute egunero sorospen eta zaintza lana, bihotz-suspertze, erreskate eta ebakuaziorako baliabide tekniko guztiekin. Bestalde, "Hondartzak Denontzat" ekimenari esker, desgaitasuna edo mugikortasun urria duten pertsonek bainu lagundua izango dute 11:00etatik 19:00etara.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Hegalak Fundazioarekin eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean, bainu egokitua errazten duen lurraldeko hiru hondartzetako bat da Hondarribikoa. Getariako Malkorbe eta Donostiako Kontxako hondartzan eskaintzen duten DENUR oztoporik gabeko bainu-programari esker, desgaitasuna, mendekotasuna edo mugikortasun urritua duten pertsonek eska dezake zerbitzua. Eta urtero, ASPACE eta ATZEGI bezalako erakundeek ere hondartzan bainatzeko programatutako ateraldiak antolatu ohi dituzte Hondarribiko hondartzara. 

Aurten zerbitzua hondartza denboraldi ofizialarekin batera abiatu dute ekainaren 13 honetan, eta irailaren 13ra arte egongo da martxan, asteko egun guztietan, 11:00etatik 19:00etara. Ekimen honen helburua Gipuzkoako itsasoaz eta hondartzez segurtasunez, autonomiaz eta ongizatez gozatzeko aukera denen eskura jartzea dela azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. 

Gurutze Gorriko 13 soroslek bermatuko dute hondartzako zaintza ekainaren 13tik irailaren 13ra bitartean. 

Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak azaldu duenez, «ekimen honek ezin hobeto islatzen ditu lurralde gisa sustatu nahi ditugun balioak: inklusioa, irisgarritasuna eta eskubideen bermea». Izan ere, udako egun beroenetan itsasoaz eta gure ingurune naturalaz gozatzeko aukera ezin da pertsona bakoitzaren gaitasun fisikoen araberakoa izan.

Halaber, pertsona bakoitzak komunitatean parte hartzen eta bere ongizaterako esanguratsuak diren jarduerez gozatzen jarraitu ahal izatea bermatzen du zerbitzuak. «Desgaitasuna izateak edo mendekotasun-egoeran egoteak ez luke oztopo izan behar uda, itsasoa edo komunitateko aisialdi-guneak duintasunez gozatzeko», aldarrikatu du Maite Peñak.

Hau bermatzeko, Hondarribiko hondartzak azpiegitura irisgarriak ditu. Garai batean Oztoporik Gabeko Bainua ekimena eskaintzen hondartza aitzindaria izan zen Gipuzkoan. Hasieratik egokitu zuten Ramon Iribarren kaleko sarreratik arranpla. Eta sarbide irisgarriarekin batera, desgaitasunen bat edo mugikortasun arazoak dituzten pertsonei egokitutako espazioa antolatzen dute urtero. Itxaroteko itzalguneak eta bainua hartzeko aulki anfibioak, laguntza teknikoa eta aldagela, komuna eta dutxa egokituak. 

Era berean, programa Gipuzkoa osoko erabiltzaileei zuzenduta dago, eta gizarte-zerbitzuen sareko egoitzetako, laguntza duten etxebizitzetako eta eguneko zentroetako erabiltzaileekin pentsatuz, pertsona horientzat, garraio egokitua eskaintzen dute norbere zentrotik hondartzara joan ahal izateko.