Enrique Albizuren jaiotzaren mendeurrenean gogoan hartuko dute Hondarribian

Koldo Nausia 2026ko ekainaren 15a

Hondarribiko Udalak Enrique Albizu margolaria eta bere obra ezagutzara emateko "Enrique Albizu eta bere errealismo piktorikoa" hitzaldia antolatu du ekainaren 18an (19:00) Kultur Etxean. Artista jaio zela 100 urte betetzen diren honetan, "Realismo y poesía en la pintura de Enrique Albizu" erakusketa antolatuko dute uztailean Arma Plazan. 

Jaiotzez valentziarra izanagatik ere, Irungo Udal Marrazketa Eskolako maisu izan zen 2014an Hondarribian 87 urte zituela zendu zen arte. Eskualdeko hainbat paisaia natural eta usadio jaso zituen bere errealismo piktorikoan, eta margolan zenbaitzuk Hondarribiko eta Irungo udaletxeetako hormetan daude zintzilik herriko ondare artistikoaren parte baitira. 

Hondarribiko Udalak Enrique Albizu margolaria eta bere obra ezagutzara emateko "Enrique Albizu eta bere errealismo piktorikoa" hitzaldia antolatu du ekainaren 18an (19:00) Kultur Etxean. Artista jaio zela 100 urte betetzen diren honetan, "Realismo y poesía en la pintura de Enrique Albizu" erakusketa antolatuko dute uztailean Arma Plazan. Eta aurretik, margolari honek Hondarribiko herriarekin izan zuen harremana eta bere obra ezagutzeko hitzaldia emango du Iñaki Ruiz de Eguino adituak ostegun honetako hitzaldian. 

Irungo Udaleko Kultura arloak ere,  'Enrique Albizu Berrikusten' erakusketa, eta horri lotutako hainbat bisita gidatu antolatu zituen joan den martxotik maiatzera bitartean. Orotara ehun bat artelan jaso zituen Amaia Kultur Zentroan antolatutako erakusketak, horietariko asko Irun eta Hondarribia protagonista dituztenak.

Alde horretatik, erakusketaren bilduma osatzeko, Irungo zein Hondarribiko udalek udaletxean bertan zintzilik dituzten obrak lagatu zituzten aldi baterako. Bi udalen ondare artistikoaren parte baitira Enrique Albizuren zenbait margolan. 

Jaiotzez valentziarra izanagatik ere, gure eskualdearekin lotura handia izan zuen artistak, baita Bidasoaldeak bere obran ere. Irungo Udal Marrazketa Eskolan aritu baitzen maisu lanetan, eta 2014an Hondarribian zendu zen. Gure eskualdeko hainbat paisaia natural eta usadio soziokulturalak (bereziki Aste Santuko prozesioa)  jaso zituen bere margolanetan. 

Albizuk Hondarribiko Udalaren Hiriko Urrezko Intsignia jaso zuen 2005 urtean, Hondarribian 50 urtez garatutako lan artistikoa balioan jarriaz. Herriko arrantzale, nekazari eta usadio kultural zenbaitzuk jaso baitzituen bere obretan, eta Hondarribiko izena eta izana mundu zabalera eramateagatik. 

Erretratuak, autorretratuak, arrantzaleak, paisaiak eta natura hilak (bodegoiak) dira bere obra oparoaren parte, eta margolan gehienak Oaya Albizuren (artistaren alaba) bilduman gordetzen badira ere, familiarenak ez ezik, Espainiako Bankua, Kutxa Fundazioa, Hondarribiko Udala, Irungo Udala, Madrilgo Ateneoa, Hondarribiko Kaputxinoen Komentua, Bilboko Euskal Museoa, Arabako Arte Ederren Museoa eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren gordailuetan ere aurkitzen dira. Gure eskualdean, Irungo eta Hondarribiko udaletxeetako areto nagusietan eta sala ezberdinetan ikus ditzakegu hauetariko batzuk.