Demokraziaren atarian Hondarribian artea loratu zuen Otzazkik mende erdi beteko du margotzera animatuz

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 24a

Fernando Artola "Bordari', Nestor Basterretxea, Javier Sagarzazu edota Enrique Albizu bezalako artistek Otzazki Kultur Elkartea sortu zutela 50 urte betetzen dira aurten. Urteurrena ospatzeko Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa antolatu du ekainaren 27an, Hondarribiko Udalaren laguntzarekin. Lehiaketa 10:00etatik 17:00etara egingo dute Damarri inguruko harresietatik hasi eta Kasino Zaharreko lorategietaraino dagoen eremuan. Izena ematea Otzazki Kultur Elkartearen arte-galerian egin behar da, Damarri kaleko 2. zenbakian.

Hondarribiko Otzazki Kultur Elkarteak bost hamarkadako ibilbide oparoa egin du. 1970eko hamarkadan, oraindik frankismoaren erregimenaren garaian, Hondarribiko Udaleko aldaketarako kezka zuten zinegotzi gazte batzuek, herriko idazle eta artistekin batera, Kale Nagusiko Etxeberria jatetxean egindako afari batzuen buelta, udal politikako gaiak ez ezik, artea eta literatura jorratzen hasi ziren. Fernando Artola “Bordari” poetak eta Juan José Lapitz idazleak izan ziren bilera haien bultzatzaile nagusiak. Eta ohiko parte-hartzaileen artean Nestor Basterretxea eskulturgilea, Enrique Albizu, Javier Sagarzazu, “Mensu” eta Carlos Las Heras margolariak, eta tokiko kultur giroko hainbat lagun izan ziren, hala nola Constantino Virto. Herriko politika eta kulturari buruz iritzi desberdinak zituzten, baina elkarrekiko errespetua nagusi izan zela nabarmentzen dute elkarteko kideek, eta harreman hartatik haien arteko adiskidetasuna gero eta sendoagoa bihurtu zela. 

Afari haietatik sortutako talde kulturala sendotu zenean, Fernando Artolak kultur elkarte bat sortzea proposatu zuen. Bertaratutako guztiek proposamena onartu zuten, eta estatutuak idazteko ardura Juan Jose Garay Jauregiri (margolaria eta abokatua) eman zioten. Era berean, elkartea legeztatzeko izapide administratiboak egiteaz ere bera arduratu zen, eta 1976ko ekainaren 14an erakundearen eratze-akta sinatu ondoren, urte bereko uztailean Elkarteen Erregistroan inskribatu eta legeztatu zuten.

Elkartearen aurreneko lehendakaria Carlos Las Heras Monedero margolaria izan zen, eta Constantino Virto Olaskoaga (diruzaina) eta Juan Jose Garay Jauregik (idazkaria) osatu zuten lehen batzordea. Azken horrek kargu hori etenik gabe bete du ordutik gaur arte. Aditzera eman dutenez, elkartearen historian zehar honako hauek izan dira lehendakariak: Carlos Las Heras Monederoren ondotik, Eduardo Diez Salaver, Maria Belen Olaizola Lasa eta Maria Maldonado Alconada, gaur egungo lehendakaria.

Elkartearen egoitza soziala eta arte-galeria hasiera batean Arma Plazako 12. zenbakian egon ziren, 2011ko abenduaren 31ra arte. Orduz geroztik, Damarri kaleko 2. zenbakian topa dezakegu oso aktiboa den arte-galeria. Une honetan, Maria Maldonadoren margolanen erakusketa ikusgai dago bertan, eta bisita birtuala egiteko aukera ere ematen dute Internet bidez. Baina ekainaren 18tik 25era bitartean ere, Mamen Barrena Coranti lanak jasotzen dituen erakusketa antolatu dute, sarrera librearekin.

Baina Otzazki Kultur Elkarteak 50 urte betetzen dituen honetan, eta urteurrena ospatzeko Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa antolatu du Hondarribiko Udalaren laguntzarekin. Lehiaketa ekainaren 27an egingo dute Damarri ingurutik Kasino Zaharreko lorategietaraino dagoen eremuan 10:00etatik 17:00etara. Izena ematea OTZAZKI Kultur Elkartearen galerian egingo da, Damarri kaleko 2. zenbakian. Lehiaketaren oinarriak OTZAZKIren webgunean argitaratu dituzte. Parte-hartzaileek egindako lanak 17:10ak baino lehen entregatu beharko dituzte Otzazkiren egoitzan, eta olioz, akrilikoz, akuarelaz, pasteliz eta marrazkiz egindakoak onartuko dituzte. Orotara bost sari banatuko dituzte, baina iragarri dutenez, lan guztien artean bi obrarik onenek 500 eta 200 euroko saria jasoko dute.