Gerraren oihartzunetan hausnartzeko "MAKILhotsak" obra heldu da Amutera larunbatean

Koldo Nausia 2026ko uztailaren 2a

Hondarribiko Udalak kultura auzoetara hurbiltzeko egin duen apustuaren baitan, Hika Teatroaren "MAKILhotsak" dantza eta antzerki ikuskizuna izango da larunbatean (uztailak 4) Amuten, 13:00etan Anttoni Etxeberria Mendizabal plazan. Oinkari Dantza Taldearen eskutik eta 80ko hamarkadako intsumisioaren garaia gogora ekarriz, gaur egungo nazioarteko gerra testuinguruaren kritika egin eta hausnarketara gonbidatzen duen obra da. «Gizatasunez betetako mundu aske batekin amets egiten duen edonori zuzendutako» obra dela nabarmentzen du konpainiak

Miren Agur Meabe eta Agurtzane Intxaurragaren testuetan oinarrituta eta Oinkari Dantza Taldeko hamalau dantzarik taularatuta, "MAKILhotsak" proposamen eszeniko berritzailea (IKUSI HEMEN) gozatu ahal izango dute larunbatean Hondarribiko Amute auzoan. Uztailaren 4an (13:00etan) Anttoni Etxeberria Mendizabal plazan, nazioartean bizi dugun gerra testuinguruaz Euskal Herriaren luze-zabalean hausnartzeko aukera ematen ari duen obra taularatuko dute.

Musika, dantza eta gorputz-adierazpena uztartzen ditu ikuskizunak, memoria historikoa eta egungo errealitatea elkarrizketan jarriz. HIKA Teatroa konpainiak aditzera ematen duenez, «Europa, eta mundua orokorrean, asaldatuta daude. Ukrainako gerrak, Palestinako genozidioak, Trump amerikar presidentearen inperialismo eroak edota Europa zeharkatzen duen migrazio krisiak ziurgabetasun sozial eta politikoa areagotu du eta gerra hotsak nonahi entzuten dira».

Alde horretatik, biztanleria berrarmatzea eskatzen duen eskuin muturreko ahotsak gero eta gehiago direla kontuan hartuta, «hirugarren mundu-gerra baten utopia, distopia posible bat bezala ikusten hasita gauden honetan artearen ahotsa inoiz baino beharrezkoagoa» dela aditzera ematen duen obra da honakoa. Ortzi Alonso Kultura zinegotziak azaldu duenez, proposamena jaso zutenean egoki ikusi zuen udalak bizi dugun garaiarekin bete betean asmatzen zuelako. «Garaia delako gure begirada bestean eta ez bestearen aurka jartzeko», dio. 

Hondarribiko Udalak kultura deszentralizatzeko apustua egin du agintaldi honetan. Azken boladan Muliaten, Mendelun eta Puntalean ere antolatu dituzte zenbait hitzordu. Eta oraingo honetan «herritarrengandik gertu dagoen kultura eredua sendotzen jarraitzeko, auzoetan bertan kalitatezko kultur eskaintza bermatu eta herritarren parte-hartzea sustatu» nahi dutela nabarmendu du Ortzi Alonso Kultura zinegotziak. 

Gainera proposamen eszeniko honek hunkitu ez ezik, hausnarketara gonbidatzen duela azpimarratu du. Oroimenaren bidaia batera eramaten gaituen obra baita, 80ko hamarkadako intsumisioaren garaia gogora ekarriz. Ortzi Alonsok azpimarratu du, "MAKILhotsak" proposamen artistiko indartsua dela, memoria historikoa eta gaur egungo erronkak uztartzen dituena, eta kulturak gizartean duen balio eraldatzailea agerian uzten duela uste du hautetsiak. Beraz, hondarribiar guztiak gonbidatzen ditu Amutera gerturatzera. Bere esanetan, «kalitatezko ikuskizun batez gozatzeko aukera paregabea izango baita».