Istorio eta olerki berriak idazteko deialdia luzatu berri du Bordari Satarka lehiaketak

Antxeta Irratia 2026ko uztailaren 2a

Bordari Satarka literatur lehiaketaren 41. edizioan lanak entregatzeko epea ireki du. Ipuin zein olerki sarirako obrak aurkezteko azken eguna irailaren 15a izango da. Bi kasuetan, lanek, euskaraz idatziak eta argitaratu gabeak eta beste inon saritu gabeak izan beharko dutela gogoratu du Euskara Sailak. Joan den urteko 40. edizioan lehiaketa indartu eta antologia bat argitaratuz herriko literatura zaindu eta balioan jarri ondotik, Hondarribiko Udalak euskal idazle berriak sortzen laguntzeko 6.000 euro banatuko ditu aurten sarietan.

Hondarribiko Udaleko Euskara Zerbitzuak herriko literatura zaindu, suspertu eta euskal idazle berriak sortzen laguntzen jarraitu nahi du. Hartara, Bordari Satarka literatur lehiaketak helburu hori betetzeko gai izan da azken lau hamarkadotan. Baina agintaldi honetan lehiaketa balioan jarri eta indartu nahi izan dute. Horretarako sariak hobetzeaz harago, iaz literatur lehiaketak bere 40. edizioa ospatu zuen.

Iazkoa urteurren berezia izanik, Udalak 2013 eta 2025 artean aurkeztutako lanen antologia argitaratu zuen. Azken bilduma 2013koa zen, eta bilduma berriak herriko literatur ondarea ezagutzeko eta zaintzeko aukera emango duelakoan dago udala, azken urteetako lan bikainak jaso eta balioan jartzeko tresna baliotsua izan baita.

Aurtengo edizioan iaz jasotako obra kopurua hobetu nahiko luke udalak, eta tenorez luzatu dute parte hartzeko deialdia. Uztailaren 1n zabaldu dute lanak entregatzeko epea, eta irailaren 15a izango da epemuga. Udalak argitu duenez, Bordari (ipuin) zein Satarka (olerki) lehiaketetan gaia librea izango da, eta lehiakide bakoitzak gehienez lan bat aurkez dezake guztira, idazle bakoitzak sari bakarra baizik ezingo baitu jaso. 

Lanak orriaren alde batean bakarrik idatziko dira, ordenagailuz eta tarte bikoitza utzita, Arial 12 formatuan. Euskaraz idatziak, argitaratu gabeak eta beste inon saritu gabeak izan beharko dutela gogoratu du Euskara Sailak. Oinarriak hemen kontsulta daitezke. Eta lehiaketa bakoitzean hiru sari banatuko ditu epaimahaiak gutxieneko kalitatea daukaten lanak saritzea erabakitzen badu. 1.500 euroko lehen saria, eta bigarrenaz gain (1.000 eurokoa), beste 500 euro bideratuko dituzte Hondarribian jaio edo bizi den idazlearen lan onena saritzeko, urtero bezala. 

Joan den urtean, guztira 14 lan aurkeztu ziren, eta Pello Otxoteko, Ainara Elizondo, Mikel Arruabarrena eta Aritz Galarraga epaileek 13 lanen artean egin zuten aukeraketa, horietako batek beste lehiaketa batean saria jaso baitzuen. Nobela laburraren atalean, Bordari saria, Maitane Arizti Ugartebururen "Inork ez nazala horrela ikusi, jainkoarren" lanak irabazi zuen. Bigarren saria Leire Sarasola Auzmendik jaso zuen, "Bazkalosteko kafeak" izeneko lanarekin. Eta Hondarribia Saria hutsik gelditu zen. Olerkigintzan, Satarka saria, Amaia Sarasola Auzmendik eskuratu zuen "Izateak"lanarekin. Eta bigarren saria hutsik geratu zen bitartean, Hondarribia saria Josu Salegi Garatek irabazi zuen, Bidasoaren agurrekoak lanari esker.