Valentzian euskal jatorriko familia batean jaio zen Enrique Albizu Perurena margolaria. 1936ko Gerra Zibilaren ondoren bere gurasoak Irunen finkatu ziren. Eta han hasi zuen bere margolari ibilbidea, beti Bidasoaldearekin harreman estuan. Irungo Udal Marrazketa Eskolako maisu izan zen, eta Hondarribiarekin harreman estua izan zuen, baita bere bora ere, 2014an bertan 87 urte zituela zendu zen arte. Eskualdeko hainbat paisaia natural eta usadio jaso zituen bere errealismo piktorikoan, eta margolan zenbaitzuk Hondarribiko eta Irungo udaletxeetako hormetan daude zintzilik herriko ondare artistikoaren altxor baitira.
Uztailaren 15ean 100 urte beteko dira bere jaiotzaz, eta Hondarribiko Udalak Enrique Albizu margolaria eta bere obra ezagutzara emateko"Enrique Albizu eta bere errealismo piktorikoa" erakusketa antolatu du Arma Plaza interpretazio zentroko goiko solairuan. Uztailaren 31a arte bisita daiteke, eta joan den ekainaren 18an Iñaki Ruiz de Eguino adituak Kultur Etxean eman zuen hitzaldiaren hari beretik, orain bera komisario duen erakusketara bisita gidatua ere antolatuko dute.
Ruiz de Eguinok azpimarratu duenez, «Enrique Albizu euskal margolaritzaren figura nabarmena izan zen, artista bitxia, eta bere kabuz isilean egindako lana balioan jarri beharra dago». Erakusketa antolatzeko obra gehienak bere alaba Oaia Albizuk utzitakoak dira. Honek azaldu du, 2014an aita hil zenean berak jaso zituela obra gehienak, baina lan horren dibulgazioa betebehar bat duela. «Nire helburu nagusia da bere lana ezagutzara ematea, zenbait bilduma Valentziako Arte Museoari emanak dizkiote, eta Bilboko Artederretako Museoari ere eskaini dizkiot, baina ez dute erantzun ere egin», salatu du, «belaunaldi berriek bere obra ezagutzea garrantzitsua da, ezer ezean gera ez dadin».
Alde horretatik, Hondarribiko Udalak ongi daki Enrique Albizuk utzitako legatuaren garrantzia zein den. Udaletxeko areto nagusian bere hiru koadro daude gaur egun, eta 2005ean Hiriko Urrezko Intsignia eman zion udalak hiriko seme kuttun izendatuz. Orain haren jaiotzaren mendeurrenean Hondarribiarekin bere bizitza eta ibilbide artistiko osoan izan zuen harremana nabarmendu, eta bere obra ezagutarazi nahi dute. Ortzi Alonso Kultura zinegotziak argi duenez, «erakusketa honek Enrique Albizuren figura eta obra berriro lehen lerrora ekartzen ditu, eta aukera ematen du bere ekarpen artistikoa testuinguruan kokatzeko, bai eta Hondarribiarekin izan zuen lotura estua gogora ekartzeko ere».
Erakusketak Albizuren unibertso artistikora hurbiltzeko aukera eskaintzen du. XX. mendeko pintura akademikoaren tradizioan kokatzen da haren lana. Prestakuntza sendoa jaso zuen Irungo Marrazketa Akademian, eta ondoren Valentziako eta Madrilgo Arte Ederren Errege Akademietan. Gaztetatik nabarmendu zen margolari gisa, eta 1947an nahiz 1949an Gipuzkoako Artista Gazteen Lehen Saria irabazi zuen.
Aitorpen horri esker, Erroman prestakuntza osatzeko aukera izan zuen. «Erroman formakuntza oso akademikoa jaso zuen, eta handik Bidasoara bueltan klasizismo akademikoa eta adierazpide pertsonal sakona uztartu zituen, garai hartan eskualdean zeuden Basterretxea eta Oteizaren abangoardia eta abstrakzioaren garaia zen, baina berak bere bidetik jarraitu zuen, paisaia naturalistaz gain, Hondarribiko jendearen erretratuak landu zituen, eta arrantzaleak, haurrak, eguneroko bizitzako pertsonaiak maiz ageri dira bere lanean, giza duintasuna eta egunerokoaren edertasuna nabarmenduz», azaldu du Iñaki Eguinok.