Uda goi mailako zesta-puntarako ere bada Hondarribian

Koldo Nausia 2026ko uztailaren 9a

20. urtez Hondarribia Grand Slam txapelketa hartuko du Jostaldi pilotalekuak asteburu honetatik hasita, uztaila eta abuztuko ostiral guziz. Gizonezkoetan herriko Oier Kanpandegi eta Julen Basterra “Txanika” ariko dira munduko onenekin lehian. Emakumezkoen Master Series txapelketa ere jokatuko da Hondarribian, abuztuaren 7an, 14an eta 28an, besteak beste, Erika Mugartegi eta Arai Lejardi, munduko txapeldunen parte-hartzearekin. Sarrerak Internet bidez eros daitezke 10 eurotan, baita frontoian bertan partidaren egun berean ere.

Duela 20 urte hasi ziren zesta-punta txapelketak Hondarribian egiten. 2007an Jostaldi frontoia berritu ondoren pilota modalitate honetarako aproposa izanagatik ere, goi mailako puntistak aritu dira uda oro Hondarribia Grand Slam txapelketan lehiatzen. Eta zaletasuna sortzeaz gain, Hondarribiko Pilota Eskolak ere harrobia hutsetik eratu, eta dagoeneko 21 urteko Oier Kanpandegi eta 22 urteko Julen Basterra “Txanika” (Euskadiko banakako txapelduna) bezalako bi pilotari hondarribiar ikus ditzakegu Euskal Herriko puntistarik onenekin batera lehian.

Mikel Egiguren, Jai Alive enpresako ordezkariak Hondarribiko Udalak duela bi hamarkada egindako apustua eskertu eta herriko pilotarien parte-hartzea  «oso harro egoteko» dela nabarmendu du. «Hunkigarria da guretzat hogeigarren urtean hemen egotea, eta bi pilotari hondarribiar Grand Slamean egoteaz gain, beraiekin jolastuko duten pilotari guztiek oso maila ona dute, bihotzez aurreikusten dugu txapelketa ikaragarria izatea», espero du Egigurenek. 

Gainera, Nesken Master Seriesean pilotari onenak ere jokatuko dute Hondarribian. Erika Mugartegi eta Arai Lejardi, munduko txapeldunak, adibidez. Emakumezkoen Master Series txapelketa, abuztuaren 7, 14 eta 28an jokatuko dute, eta aipatutakoez gain, Lur Lejardi (2025eko Nations League txapelduna), Gisela Ucles, Naroa Merino, Laura Rodriguez (Nafarroako txapelduna), Tania Mayorga mexikarra (CDMX munduko 3. postua) eta Oihana miarriztarrak parte hartuko dute. Jokalari guztiak aski gazteak dira, 16 eta 20 urte artekoak.

Ostiralero goi mailako zesta-punta

Horiek hala, uztaileko eta abuztuko ostiraletan 20:00etatik aurrera zesta-punta izango da Hondarribian, asteburu honetatik bertatik hasita. Gizonezko zortzi bikotek eta emakumezko lau bikotek hartuko dute parte. Igor Enparan Hondarribiko alkateak emakumezkoen kirol eskaintza nabarmendu du. «Aipagarria iruditzen zait emakumezkoen eta gizonezkoen lehia egonkortzen ari dela gurea. Batzuk gazte, beste batzuk esperientzia gehiagorekin, eta denok dute curriculum bikaina», esan du alkateak. 

Era berean, joan den urtean bezala, herriko bi pilotarien parte hartzea balioan jarri nahi izan du. «Herrian sortu zen ikusmira bi pilotari hauek ikustearekin zoragarria izan zen, eta giro hura errepikatzea ikaragarria litzateke», dio Enparanek. Alde horretatik, Hondarribiko Pilota Eskolak egiten duen harrobi lana goraipatu du alkateak. «Gaur Hondarribin lehian aritzeko bi partaide baditugu hamarkadetako lanari esker, eta etorkizunera begirakoan ere, herritarren partaidetza bermatu nahi badugu, urte osoko lan honen beharra dago», gogoratu du.

Alkateak hondarribiarrak zesta-puntaz gozatzeko udako ostiraletan Jostaldi pilotalekura hurbil daitezen animatu ditu. Baina harmailetako 700 eserlekuak betetzeko, eskualdeko zein inguruetako herritar eta bisitarientzako erreklamu ere bada zestapunta. Zentzu horretan, Azahara Dominguez, Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketarako foru diputatuak zesta-punta «Gipuzkoako nortasunaren» irudikoa dela azpimarratu du. «Horrelako txapelketa batek gure lurraldeko jarduera agenda aberasten du, eta gipuzkoar eta bisitariak Hondarribira erakartzeko baliagarria da», bere ustetan.

Sarrerak Internet bidez eta frontoian bertan eros daitezke partidaren egun berean 10 eurotan, (finalerdiak 12 euro eta finala 15 euro). Uztailak 11, 17, 24 eta 31ean, eta abuztuko lau ostiraletan ere (7, 14, 21 eta 28) izango dira partidak. Gizonezkoetan, etxeko bi jokalariez gain, Erik Mendizabal, Alex Hormaetxea, Aratz Goikoetxea, Maxime Benetrix, Oier Diaz “Oierdi”, Ruben Bailo Ayensa, Bixente Gonzalez, Ekhigoi Martinez “Ekhi”, Thomas Urrutia eta Guillen Oyhenardek parte hartuko dute. 

Momentuz, gizonezkoen ligaxkako lehen partidarako deialdia luzatu dute, uztailaren 10ean, B taldeko Urrutia-Oyhenard eta Bixente-Ekhi partidarako. Gainerakoan Txanika-Bailok osatzen dute B multzoa. Eta A multzoa, berriz, Erik-Kanpan, Hormaetxea-Aratz, Benetrix-Oierdiren artean argitu beharko dute.