Oier Kanpandegiren txanda izango da bihar Jostaldin

Antxeta Irratia 2026ko uztailaren 16a

Ostiralean, uztailak 17, Hondarribia Grand Slamaren bigarren jardunaldia jokatuko dute Jostaldin. A multzoko lehen partida izango da, eta 21 urteko Oier Kanpandegiren estreinakoa izango da txapelketan. Pilotari hondarribiarra Erik Mendizabalekin ariko da Hormaetxea-Aratzen aurka. Pilota Eskolak aditzera eman duenez, gaualdiaren hasieran Hondarribiko harrobiko gaztetxoen arteko kiniela partidak jokatuko dituzte erakustaldi gisa.

Hondarribia Grand Slam txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko dute ostiralean 20:00etan Jostaldi pilotalekuan. Joan den asteko estreinako partidaren ondotik, B multzoko Urrutia-Oyhenard eta Bixente-Ekhiren artekoa, aste honetako partidak ikusmina piztu du herrian. Izan ere, zesta-puntak Hondarribian erro sakonak baditu, azken 20 urteetan Hondarribiko Pilota Eskolak egindako harrobi lanaren emaitzaz gozatzen hasi dira bertako zaleek. Aurtengo txapelketan Oier Kanpandegi eta Julen Basterra "Txanika" ariko dira munduko onenekin lehian, eta herriko bi pilotariak lehian ikusteko irrikan dira Jostaldiko harmailetan.

Bihar (20:00etan) A multzoko Erik Mendizabal-Oier Kanpandegi eta Hormaetxea-Aratzen arteko partida jokatuko dute. Eta 21 urteko Kanpandegi herriko semea izanik erreklamu nagusia izango da. Sarrerak 10 eurotan dituzue salgai jaialive.com atarian, edo bihar bertan Jostaldiko leihatiletan.

Bestalde, partida hasi aurretik, Hondarribiko Pilota Eskolako harrobiko gazteen arteko kiniela partidak jokatuko dituzte erakustaldi gisa.