Joan den martxoaren 3an Emeki elkarteko kideek arreta eta mimo handiz prestatu duten "Hondarribiko Txokoak" liburua aurkeztuko zuten Arma Plazan. 1994tik udan antolatzen duten Kaleko Margo Lehiaketan saritutako 84 margolanen katalogoa osatu dute, herriko ondarea balioan jartzeko asmoz. Arma Plazan eta herriko Sokoa paper-dendan eta Arzu liburu-dendan salgai aurkituko duzue. Izan ere, 500 ale argitaratu zituzten.
Urteotan guztiotan urtero saritutako hiru koadroen artean denetarik dago, baina 2023an lehiaketa Alde Zaharra eta Portua auzoetako txokoetara mugatzea erabaki zuten antolatzaileek, eremu horietan margolariek «aski leku eder aukeratzeko» dituztelako. Tzane Carrillo, Emekiko kideak argitu duenez, ez dute zergatik leku enblematikoak izan behar. Are gehiago, «margolariek askotan guk egunerokoan igartzen ez dugun txoko baten arima ikusten eta adierazten badakite». Eta horrek egiten du berezi lehiaketa honek.
Hortaz gain, egun berean, goizeko 9:00etan hasi eta 17:00ak artean, koadro bat egiteko gai diren dozenaka margolari herriko txoko ezberdinetan aldi berean topatzea ikusgarria izaten da. «Zerbait berezia da, herritik ibili eta lanean ikusten dituzunean, zer gaitasun handia duten hain denbora gutxian maila handiko margolanak egiteko», dio Carrillok.
Partaidetza gora
Iaz 40 bat parte-hartzaile izan ziren guztira, eta urtetik urtera gehiago dira. «Hiru hamarkada eta gero margolari askorentzat erreferentziazko hitzordua bilakatu da, eta batzuk haien oporrak horren arabera antolatzen dituzte», kontatu digu Emekiko kideak, «batzuk urtero errepikatzen dute, eta badira urrutikoak». Izan zen, urtero Burgos, Errioxa, Iparralde edota Akitania Handiko margolariek ere parte hartzen dute.

Alde horretatik, iazko irabazlea hurbileko bizilaguna izan zen. Javier Igoa Alzuagaray lesakarra gailendu zen, eta 1.000 euro eta Done Pedro Arrantzale Kofradiako produktuen saskia jaso zuen opari gisa. Bigarren saria Nafarroara joan zen ere, Daniel Menendez Isturiz burlatarrak eraman zuen 700 euro eta saski bera. Baina hirugarren lan onena (500 euroko saria) Extremadurako Federico Plesencia Chaconek eskuratu zuen. Epaileei dagokienez, herriko artistek osatu ohi dute. Iaz Maider Goikoetxea margolari eta arte hezitzailea, Mariajo Noain artearen historialaria eta antropologoa, Rakel Salinas artean lizentziatua eta arte hezitzailea, Sara Otaño margolari inpresionista eta Javier Sagarzazu margolari beteranoa arduratu ziren lanak baloratzeaz.
Hala ere, parte hartzen duten margolari gehienak zaletuak direla gogoratzen du Carrillok. «Gehienak ez dira hortaz bizi, baina oso maila altuko lanak egiten dituzte», azpimarratzen du Tzane Carrillok. Bestalde, azken urteetan partaidetzak gora egin badu, hazkundea emakumeen eskutik eman dela dio. «Urtero errepikatzen dut, baina bereziki emakumeei deia egiten diegu urtero animatu daitezen».
Haatik, heldu den abuztuaren 2an margolan berriak batuko zaizkio bilduma opari horri. Izan ere, Emeki elkarteak Kaleko Margo Lehiaketaren 32. edizioa antolatu du igande horretan. Urtero bezala, margolarien lan guztien erakusketa ikusgai jarriko dute arratsaldean, eta bertan egingo dute sari banaketa. Aurreko urteetan San Pedro kalean egin izan dute ekitaldia, aurten aldiz, Santiago kaleko plazan antolatuko dutela iragarri dute.
Sustrai sendoak, iraganera leihoa
Emeki emakumeen elkartea 1993an eratu zutenetik, betidanik eman dute arte plastikoa lantzeko aukera beren tailer eskaintzan. Elkartearen hastapeneko urteetan, egoitza San Pedro kalean zutenean ez ziren emakume gutxi izan, bertan elkartu eta iaioago ala traketsago, margolanetan aritu zirenak.
Zaletasun horretatik abiatuta, 1994ko udan Kaleko Margo Lehiaketa antolatu zuten aurreneko aldiz, eta azken hiru hamarkada luzetan abuztuko hitzordua ondo baino hobeto errotu da. Baztan-Bidasoa eskualde zabaleko margolarien artean ez ezik, estatu osotik hurbiltzen diren dozenaka margolarien parte-hartzearekin ere.

Bertako zein kanpoko begiekin marraztuak, baina koadroen balio artistikoaz harago, 1994tik herriko txoko kuttun askok jasan duten eraldaketaren lekuko dira margolan hauek ere. Tzane Carrilloren begietara «mihisetan irudikatutako iraganaren nolabaiteko leihoak dira». Aitortzen duenez, 30 urtetan herri bat uste baino gehiago aldatu daiteke oharkabean, eta hasierako urteetako zenbait margolanetan agerikoa da Damarri plaza edota Portua auzoko zenbait txokok bizi izan duten eraldaketa.
Zaindu beharreko altxorra
Koadro horietariko batzuk Emekiko egoitzaren hormetan zintzilik dauzkate gaur egun, baina gehienak altxor baten moduan gordeak daude. «Pena da, margolanak ez direlako armairu batean gordeak edukitzeko egiten, gozatzeko baizik», argi du Carrillok, liburuari esker balioan jartzeaz gain, bilduma herriak merezi duen bezala gorde dezan asmo dutela nabarmenduz. «Aspaldi gabiltza Hondarribiko Udalarekin margolanak gordetzeko alternatibak bilatu nahian, hezetasunagatik eta baldintza desegokiengatik kaltetu ez daitezen», dio Tzane Carrillok.
Era berean, margolan hauekin erakusketa ibiltariak «bata bestearen atzetik» antolatzeko prest dago Emeki elkartea. 2024ko udan Itsas Etxean egindakoaz gain, 2021ean Irunen ere erakutsi zituztela gogoan du Tzanek, baita Bertizen edo Elizondon antolatutako erakusketak ere. Emekiko kideak argi du bilduma pixkanaka handitzen joango dela. «Liburua margolarien lanaren eta urteotan guztiotan elkartekideon borondatearen lekuko da, baina argi dugu ez garela hemen geldituko», dio.
Hau dela eta, bilduma hori behar bezala zaintzeko espazio edo gordailu egoki baten bila ari dira. «Batzuk hondatzen hasiak daude, leku hezea delako Puntaleko elkartea, baina bereziki penagarria da, margolanak ez direlako armairu batean gordeak edukitzeko egiten, gozatzeko baizik», kexu da Carrillo, Emekiren helburua erakusketak antolatzea eta altxor txiki-handi hau herritarren eskura jartzea dela nabarmenduz.