Herrian harrerarik gabe baina itsasoan banderaz bandera sendotzen doaz Hondarribiko neskak

Antxeta Irratia 2026ko uztailaren 20a

Iaz Euskotren Ligan maila galdu ondoren, ETE Liga indartsu hasi du Osertz Aldayk entrenatutako eskifaiak. Atzo Portugaleten denboraldiko bosgarren bandera eskuratu zuten Hondarribiko neskek, laugarrena jarraian, eta dagoeneko hiru puntuko aldea dute sailkapen nagusian asteburuero buruz burukoan dabilen Zarautzen aurretik. Gizonezkoek ere, asteburu bikaina osatu dute Galizian eta bosgarren kokatu dira Euskolabel Ligan.

Hondarribiko emakumezkoak banderaz bandera ETE Ligako lidergoa sendotzen doaz. Atzo Portugaleten 3 segundoko aldea atera zioten Zarauzko traineruari, eta 12 segundo Kaikuri. Horrenbestez Osertz Aldayk entrenatutako neskak 3 puntuko aldearekin lidergoan dira 54 punturekin.

Herrian harrera ofizialik ez diete egin orain artean, baina denboraldia hasi berria dutela, jokatutako zazpi estropadetatik bostetan nagusitu dira, Hernani, Zarautz, Camargo, Lekeitio eta Portugalete. Eta jokatutako azken lau banderak Hondarribira ekarri dituzte. Datorren asteburuan estropada bikoitza izango dute. Sestaon larunbatean, eta Zumaian igandean.

Portugaleteko XLIV Bandera (emaitzak)

Hondarribia Bertako Igogailuak 11.02.34  
Zarautz Gesalaga Okelan 11.05.39  
Red Eléctrica Kaiku 11.14.99  
Deusto-Bilbao 11.20.83  
Isuntza - Elecnor - Cikautxo 11.21.25  
Ondarroa - Cikautxo 11.29.30  
Hernani Mitxelena Mekanizatuak 11.37.00  
Portugalete 12.24.27  

ETE LIGA Sailkapen Nagusia

Hondarribia Bertako Igogailuak 54
Zarautz Gesalaga Okelan 51
Red Eléctrica Kaiku 42
Deusto-Bilbao 31
Ondarroa - Cikautxo 27
Isuntza - Elecnor - Cikautxo 21
Hernani Mitxelena Mekanizatuak 19
Portugalete 7

Bestalde, gizonezkoek ere asteburu bikaina osatu dute Galizian. Joseba Amunarriz patroien Caixabank sailkapen buru instalatu da, Galiziako ur korronte zailetan erakustaldia egin ondoren. Larunbatean eta igandean, hirugarren amaitu du Ama Guadalupekoak Chapela eta Bueun, joan den igandeko hirugarren postuari jarraipena emanez. Arraunketa ona hartu dute Mikel Orbananosek entrenatutako arraunlariek, eta ziklo edo trantsizio denboraldia duten honetan, EuskoLabel Ligan bosgarren kokatu dira dagoeneko, 60 punturekin, laugarren den Getariarekin berdinduta. Zierbena zazpi puntura dute aurretik, baina beste hainbeste puntuko abantaila dute Donostiarrarekin, seigarren.

Heldu den asteburuan Donostia eta Getxoko estropadak jokatuko dituzte.