Hondarribiko Maddalen auzoko jaiak ospatuko dituzte bihar. Goizeko 11:00etan meza izango da Portuko elizan. Eta arratsaldean, 17:00etan haur eta gazteentzako jokuak, eta xake animazioa ere izango da, Hondarribia Marlaxka Xake Klubak antolatuta. 19:00etan Trikitrio Taldearekin musika, 20:00etan txokolatada, eta 21:00etan auzoko adinekoentzat afaria. Ondoren, 21:30ean Mugi pandero taldearen erromeria, eta gaueko 23:30ean Zezen Suzkoa.
Bestalde, hitzordu guztien artean, auzoko Maddalen Arte Garaikiderako Gunetik artea auzolanean lantzeko proposamen artistiko bat egingo dute. Sandra Cuesta, Maddalen arteguneko komisario artistikoak azaldu duenez, duela bi asteburu herrian ospatutako Hondarribia Kultura ekimenaren baita Alacran antzerki taldeak eskainitako kale-antzerkiko kideek proposatutako ideia baten bueltan hausnartzeko baliatuko dute. «Konfiantzatik hasi zen dena esaldia proposatu digute, eta Maddalen artegunearen aurrean, lurrean dagoen hirukia aintzat hartuta, kartel bat osatzea proposatzen dugu auzolanean, adin mugarik gabe, marrazki eta esaldiekin osatuz», argitu du.
Deialdia 18:00etan eman dute Maddalen arte espazioaren aurrean, hain justu, baina auzoko plazan dagoen dinamikaren arabera ekintza gainerako jardueren eremura lekuz alda dezaketela iragarri dute.