Uztailaren 25ean Hondarribiak Euskal Herriko arrantza munduko usadiorik zaharrenetarikoa ospatzen badu, Kutxa Entrega, gastronomiaren eskutik ere, ahogozo utzi nahi ditu Zumardikoak elkarteak. Tokiko eta sasoiko produktuari balioa emateko eta euskal gastronomiaren plater tipikoak lehen planora ekartzeko ahaleginetan ari da elkarte hondarribiarra azken urteotan. Eta 2024an Hondarribiko Babarrun Lehiaketa antolatzen hasi zen bezala, Marmitako Txapelketa ere proposatzen du uztailaren 25ean, Santiago Egunean. Eskarmentua badute halakoetan, izan ere, Bakailu Txapelketaren hamabost bat edizio antolatuak ditu elkarteak ere.
Oraingo honetan, Hazi Fundazioa, Done Pedro Itsasgizonen Kofradia eta Kofradia Itsas Etxearen laguntzarekin antolatu dute Marmitako Txapelketa. Argitu dutenez, parte hartzera animatzen direnek beren sua, kazola eta gainerako osagaiak eraman beharko dituzten bitartean, hegaluzea antolatzaileek jarriko dute. Parte-hartzaileek hiru ordu izango dituzte marmitakoa prestatzeko, eta errezeta librea izango da. Baina 12:15etik aurrera, epaimahaiak marmitako guztiak dastatu eta baloratuko ditu.
Epaimahaia Hondarribiko ostalaritzan eskarmentu handia duten pertsonek eta itsas munduko ordezkariek osatuko dute, hala nola arrantzale erretiratuek, saregileek eta arrantzaleen senideek. Aurreko urteetan bezala, marmitakorik onenak txapela eta oroigarrizko garaikurra eskuratuko ditu.