Igandean ospatuko da Hondarribian XXXIV. Herri Giroa

Antxeta Irratia 2026ko uztailaren 28a

Igande honetan, abuztuaren 2an, Hondarribiko Alde Zaharrak XXXIV. Herri Giroa hartuko du. Euskal kultura, artisautza, gastronomia eta herri tradizioak izango dira egun osoko protagonista. Hondarribiko Udaleko Kultura Departamentuak antolatutako ekitaldiak adin guztientzako jarduerak eskainiko ditu. Goizetik iluntzera arte, kaleak musikaz, dantzaz eta ikuskizunez beteko dira. Beste behin ere, Herri Giroak jai eta tradizioaren topagune izango du Alde Zaharra.

Igande honetan, abuztuaren 2an, XXXIV. Herri Giroa ospatuko da Hondarribiko Alde Zaharrean. Hondarribiko Udaleko Kultura Departamentuak antolatutako ekimenak euskal kulturaren eta herri tradizioen erakusleiho izango da, artisautza, gastronomia, musika eta kirola uztartuz.

Egitarauari 10:00etan emango zaio hasiera artisau eta elikadura azokarekin. Arma Plaza, San Nikolas kalea eta Bretxan banatutako 20 bat postuk tokiko produktuak eta artisau-lanak eskainiko dituzte. Aldi berean, txalaparta saio-tailerrak izango dira haur eta helduentzat.

Eguerdian, Izugarria Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak kalejira egingo du Portuan eta Alde Zaharrean barrena, eta Arma Plazan dantza ere eskainiko du. 12:30ean Bretxan doako sagardo dastaketa hasiko da, eta 13:00etan Klink taldeak dantza erromeria girotuko du.

Arratsaldean, 17:00etan, artisau eta elikadura azokak berriz irekiko ditu ateak. Ordu berean, Zubietako joaldunek Alde Zaharra eta Portua zeharkatuko dituzte euren ohiko ibilbidean. 18:00etan sagardo dastaketa berriro izango da Bretxan, eta Arma Plazan herri kirol erakustaldia eskainiko dute Aratz eta Ugaitz Muguerza aizkolariek, eta Goenatxo III zein Lierni Osa harrijasotzaileek.

Jardunaldiari amaiera emateko, 19:00etatik 20:00etara, Eingo trikitilari taldeak Arma Plaza musikaz eta jai giroz beteko du. Hogeita hamalaugarren edizioa ospatuko duen Herri Giroak, beste urte batez, Hondarribiko Alde Zaharra euskal kulturaren, tradizioaren eta herri giroaren topagune bihurtuko du.