Asteburu borobila izanen dute aitzinetik Hondarribiako eta eskualdeko arraunzaleek, izan ere, abuztuaren 8an eta 9an etxeko estropadak jokatuko dira. Arruaren festa handia ospatuko da bi egunez eta Hondarribiako hiru traineru nagusiak bertan izanen dira lehian, bandera irabazteagatik. ETE Ligako arraunlariek piztuko dute ikusmin gehien, sailkapeneko lidergotzari eusteko borroka bizian ibili beharko direlako hain ezagunak dituzten uretan. Gizonezkoek ere, orain arteko lan ona berresteko helburu garbiarekin lehiatuko dira, larunbat eta igandean.
ETE Ligako lehiarekin hasiko da arrauna protagonista izanen duen asteburua Hondarribia. Larunbatean, abuztuaren 8an, 11:00etan hasiko da emakumeen estropada, Txingudiko XVIII. Bandera. Etxeko arraunlariak sailkapeneko lidergotzan daude, 71 punturekin, eta bigarren sailkatua den Zarautzekin du lehiarik estuena. Etxeko bandera irabaztearekin batera, berdeek aitzinera pausu handia emanen lukete eta helburu horrekin ureratuko dira biharkoan, bandera irabazi eta lidergotza sendotzera. KAE1 Ligak hartuko die emakumeei lekukoa egun berea. 11:50ean hasiko da gizonezkoen lehia, XX. Hondarribiako Arrantzaleen Kofradiako Bandera. Hauek lan ona egiten ari dira aurtengo denboraldian, eta maila mantentzeko helburua geroz eta hurbilago dute. Etxean, zaleen aitzinean, itxura ona eman eta ahalik eta postu hoberena lortzea izanen da helburu nagusia.
Igandean berriz, abuztuaren 9an, Euskotren eta Euskolabel Ligetako txanda izanen da. Lehenik, emakumeak hasiko dira lehian, 11:25ean, Emakumeen Balfego Bandera jokoan izanen dutela. Ondotik, gizonezkoen txanda izanen da, Hondarribiko XXXIX. Bandera / Mapfre Sari Nagusiarekin. Azken hauek, hain ezagunak dituzten uretan, aurreko egunean lehian izanen diren bertze bi traineruen gisan, ahalik eta lan onena egitea izanen da helburua eta noski, bandera izanen dute begiz jota. Edonola ere, emaitzak alde batera utzita, arraun festa handia biziko da Hondarribian asteburuan eta, urtero bezala, berdez jantziko da herria hiru traineruak babesteko.