Asteburu ia borobila izan dute hondarribiarrek etxeko estropadetan. Larunbatean hasi zen arraun besta, ETE Liga eta KAE1 Ligako lehiarekin. Emakumeek eman zioten hasiera hitzorduari, XVIII. Txingudiko Bandera poltsikoratzea helburu zutela. Ideia horrekin ureratu ziren eta, borrokan ibili ondotik, berdeek ametsa bete zuten, etxeko zaleen aitzinean etxeko bandera eskuratuz. Bigarren txandan aritu ziren arraunean, aurkari zuzena duten Zarautzekin batera. Lehiarik estuena zarauztarrekin izan zuten, hain zuzen ere, lehen ziabogan ehuneko bakarreko aldea ateratzen zietelarik. Helmugarako bidean, hortzak estutu eta hamar segunduko aldea atera zieten hondarribiarrek aurkariei, garaipena eskuratuz etxeko estropadetan eta bigarren helburua ere lortuz, lidergotzan sendotzea alegia. Horrela, 79 punturekin, lehen postuan segitzen du Hondarribiak, Zarautzetik hiru puntura.
KAE1 Ligakoen txanda izan zen ondotik, XX. Hondarribiako Arrantzaleen Kofradiako Banderarekin. Gizonezkoen bigarren trainerua bigarren txandan lehiatu zen eta hirugarren denborarik onena lortu zuen bertan. Behin estropada bukatuta, zazpigarren postuan sailkatu zen, 21.15.74ko denborarekin. Deusto izan zen onena, 20.38.45ko denbora lortuz, Zumaia eta Zarautzen aitzinetik. Atseden hartzeko ia tarterik gabe, biharamunean, Errenterian aritu ziren arraunean, Errenteria Hiriko XIII. Ikurriñan. Hondarribiarrek larunbateko postu bera eskuratu zuten eta, berriz ere, Deusto izan zen garaile.
Hondarribia bigarren Euskolabel Ligako estropadan
Larunbateko lanak osatuta, igandean Euskotren eta Euskolabel Ligen txanda izan zen Hondarribiako uretan. Emakumeek eman zioten hasiera egunari eta Donostia Arraun Lagunak-ek bere nagusitasuna erakutsi zuen bertze behin, bezperan Ondarroan egin bezala. Asteburuko bi banderak poltsikoratu zituzten hauek, lidergotzan tarte ia ezabaezina sortuz.
Gizonezkoen txandan berriz, Hondarribiako zaleak amesteko prest zeuden eta besta borobiltzeko aukera eduki zuten ia. Ama Guadalupekoa bigarren txandan aritu zen lanean, Hondarribiako XXXIX. Bandera/Mapfre Sari Nagusiaren bila. 20:15,88ko kronoarkein, denborarik onena lortu zuen eta hirugarren txandakoen leihari begira egon behar izan zen. Oriok bederatzi segunduetan hobetu zuen etxekoen lana eta beraz, berak eraman zuen garaipena, berdeei bigarren postua utziz. Bandera lortu ez bazuten ere, Hondarribiako zaleek gustoz ospatu zuten bigarren postu hori, etxeko uretan egindako lan onaren fruitu izan zena.
(Argazkia: Aitor Arrizabalaga/ACT)