Gaurtik aurrera erreserbatu daitezke Hondarribiko Jaietako ekitaldietarako mugikortasun urritua dutenentzako eremuak

Antxeta Irratia 2026ko abuztuaren 24a

Hondarribiko Udalak jaietan jendaurreko ekitaldi garrantzitsuenetan mugikortasun urritua duten pertsonentzako guneak egokituko ditu aurten ere. Udal ordezkarien Aurreskua Arma Plazan, Bentako kontzertuak eta irailaren 8an Alardea jarraitzeko zenbait eremu erreserbatuko dituzte. Erabiltzaileek lekua eska dezakete abuztuaren 24 honetatik 31ra bitartean, BAZen edota Hondarribiko Udalaren webgunean.

Hondarribiko Gizarte Kohesiorako arloak «herritar guztiek berdintasunez jaiak gozatu» ahal izateko hartu zuen mugikortasun urritua duten pertsonentzako eremuak erreserbatzeko erabakia aurreneko aldiz 2023 urtean. Josu Peña arloko ordezkariak azaltzen duenez, urte hartan mugikortasun urritua zuen pertsona batek jo zuen udalera halako neurri baten eske, eta aukera guztiak aztertu ondoren, azken urteotan eremu hauek erabiliak eta ondo baloratuak izan dira herritarren partetik.

Aurtengoan ere, mugikortasun urritua duten pertsonek aparteko gune bat izango dute hainbat ekitalditan. Irailaren 5etik 11ra Bentako eszenatokian izango diren kontzertuetarako ez ezik, espazio egokituak ezarriko dituzte irailaren 7an eta 8an egingo diren ekitaldi jendetsuenetan.

Hartara, irailaren 7an, Udal ordezkarien Aurreskuan, Arma plazan. Eta irailaren 8an Alardea ikusteko hiru gune egokituko dituzte. Kale Nagusian (Bretxan) eta Damarri plazan, goiz eta arratsaldez. Eta arratsaldeko desfilean, aldiz, Sabino Aranan ere mugikortasun urritua duten pertsonentzat autobus geltoki berrian aparteko espazioa ezarriko dute. Josu Peñak argitu duenez, iazko irizpide berbera jarraituz, egokitutako eremuek sarrera-irteerak errazteko helburuarekin antolatuko dituzte. 

Udalak aditzera eman duenez, gune horietako bat erabili nahi duten edo horretarako beharra duten herritarrek, aldez aurretik eman beharko dute izena, edo udalari jakinarazi espazioa erabili nahi dutela. Horretarako, BAZen edo hondarribia.eus webgunearen bidez egin dezakete abuztuaren 24 honetatik 31ra bitartean.