Marea berdeak Hondarribia hartu zuen atzo emakumezkoen ETE Liga ospatzeko

Koldo Nausia 2026ko abuztuaren 24a

Hondarribia Arraun Elkartearen familia zabalak ospakizun eguna izan zuen atzo. Herri oso baten ospakizuna. Garai batean ohikoak ziren igande arratsaldetako bandera ospakizun eta arraunlariei harrerak, baina azken bi urteetako trantsizio ziklo berrian gizonezkoek nekez eskaini ahal izan dituzten garaipenak, emakumezkoek oparitu dizkiete hondarribiarrei uda honetan. Guztira zortzi bandera eskuratu dituzte, eta Bilbon eskuratutako zortzigarrenarekin baieztatu dute ETE Ligaren garaipena.

Atzo 20:00etan Osertz Aldaik entrenatu eta Miren Garmendia patroiak zuzendutako emakumezkoen eskifaiari harrera egin zion herriak Arrantzaleen Hermandadean. Egun handienetan bezala. Sare konpontzaileen plaza jendez gainezka izan zen neskei harrera egiteko. Udan lortutako zortzi banderekin hurbildu ziren arraunlariak txaranga eta egun handietako doinupean.

Osertz Aldai entrenatzailea pozik azaldu zen atzo Hermandadean jasotako harrera ofizialean. Arraunlari gisa une hunkigarriak bizitu izan ditu bertan, eta oraingoan, otsailaz geroztik egindako lanaren emaitza gozatu ahal izan du emakumezkoekin. «Oroitzapen ederrak ditut hemen, baina oraingoa benetan berezia da, negutik hasitako lanak luze jo duelako, eta iaz maila galdu ondoren, arraunlariek kemena erakutsi dute aurten». Horietariko bat Miren Garmendia patroia izan da, honek ere pozik amaitu zuen eguna udan egindako balentriarekin. «Zarautzekin buruz burukoan eman dugu uda osoa, eta azken momentura arte itxaron behar izan dugu Liga irabazteko», adierazi du lortutakoarekin kontent. 

Joxemi Elduayen, Hondarribia Arraun elkarteko presidentea ere txol kontent zegoen neskekin, baina denboraldia borobildu nahiko luke. «Emakumeek egindako lana izugarri polita izan da, baina oraindik Kontxa dugu, eta Euskotren Ligako igoera play-offak irailean», gogoratu du. 

Etorriko denari begira dira, baina atzo udako lehiak utzitako zapore gozoarekin ospatu zuten arraunlariek, udal ordezkariek eta herritarrek ETE Ligaren garaipena. Igor Enparan alkateak gogoratu duenez, bi urte pasa dira harrerarik egin gabe, eta hondarribiarrek gogo-biziz hartu zuten atzokoa. «Arraun elkartea babesten eta laguntzen jarraituko dugu, garaipenen atzetik herriko arraunlarien eta zientoka pertsonen lana dagoelako, baina halakoetan ikusten da herri nortasuna eta harrotasuna ere eragiten duela», aldarrikatu du. 

Arraunean ere, gizonezkoetan, Zarauzko bandera jokatuko dute asteburuan, larunbatean seigarren eta atzo laugarren egin zuten Mikel Orbañanosen arraunlariek. Joseba Amunarriz patroien Caixabank sailkapenean lidergoan jarraitzen duen bitartean, Ama Guadalupekoa EuskoLabel Ligan bosgarren postuan da 137 punturekin, Getaria eta Urdaibai zortzi puntura dituztelarik. Atzetik, aldiz, Donostiarra dute zazpi puntura. Abuztuaren 30ean Areseko bandera jokatuko dute, eta ondoren Kontxara begira jarriko dira.