Herriko aparkalekuetan murrizketak ezarriko dituzte Gazte Eguna eta Jai Nagusietan

Antxeta Irratia 2026ko abuztuaren 25a

Hondarribiko Udalak hiriko aparkalekuetan hainbat murrizketa iragarri ditu Jai Nagusiak direla eta. Eta asteburuan ospatuko duten Gazte Eguna dela medio, gaurdanik (abuztuak 25) Zumardian ere 7:00etatik aurrera aparkalekuaren zati batean ezingo dela aparkatu aditzera eman du. Datozen egunetarako antolatutako ekitaldiak ospatu ahal izateko, Zumardian bezala, Minatera kaleko aparkalekuan eta Bentakoa ere itxi edota murriztu egingo dituzte.

Zumardiaren kasuan, gaurtik aurrera ezarritako murrizketaz gain, irailaren 9tik 11ra bitartean Zumardiko eremu osoan ezin izango da aparkatu. Argitu dutenez, irailaren 11ko Nekazarien Eguna ospatu eta gero berreskuratuko da aparkalekua bertan. 
 
Bestalde, Minatera kaleko aparkalekua abuztuaren 30etik aurrera itxiko dute 07:00etatik aurrera. Bertan ezin izango da aparkatu jaietan. Era berean, Bentako aparkalekua ere itxi egingo dute abuztuaren 30ean jaietako kontzertu eta txosnagunea antolatzeko. 
 
Azkenik, Hondarribiko Udalak aditzera eman duenez, irailaren 6an, 7an eta 8an beste zenbait aparkaleku kenduko dituzte, Alardea eta horrekin lotutako ibilbideak babestu ahal izateko. Udaltzaingoak seinaleak ezarriko ditu, baita aparkatzearen debekuak adierazten dituzten zintak ere.