Txingudiko Zerbitzuek eta Hondarribiko Udalak jaietarako garbiketa eta hondakin bilketa dispositiboa prestatu dute. Abuztuaren 30etik jarri zuten martxan, eta irailaren 12ra bitartean luzatuko dute. Baina bereziki jaietako egun nagusietan indar bat egingo dute, ospakizunetan hondakinak bildu eta kaleak garbi mantentzeko. Leire Zubitur, Txinzerreko kudeatzaileak azaldu duenez, guztira 125 lanaldi gehigarri aurreikusi dituzte, jarduera handieneko egunetan ohiko lanak indartzeko. Honek suposatuko duen inbertsioa 52.102 eurokoa da.
Zubiturrek dioenez, «jaietan kaleetako jarduera nabarmen handitzen da, eta zerbitzuak egoera horretara egokitu behar ditugu, garbiketa eta hondakin bilketa indartzeko esfortzuak handituz». Alde horretatik, jaietako egun bakoitzaren beharrei egokitutako dispositiboa antolatu dute, jarduera gehien dagoen lekuetan baliabide gehiago eskainiz.
Kaleak egunero goizeko 6:00etatik aurrera garbitzeko brigadak izango dira. Eta hondakin bilketarako, Txingudiko Zerbitzuek hondakinak gaika biltzeko 17 gune jarriko dituzte Hondarribiko hainbat tokitan. Eta Bentako sei txosnek ere baliabide bereziak izango dituzte. Izan ere, txosna bakoitzak 120 litroko edukiontziak izango ditu. Eta kanpoaldean, guztiek erabiltzeko beirarentzako hiru iglu jarriko dituzte, baita ontziak eta kartoia biltzeko edukiontziak ere. Materia organikoa, berriz, egunero bilduko dute atez ateko zerbitzuaren bidez.
Bestalde, 15.600 edalontzi berrerabilgarri banatuko dizkiete sei txosnei, bakoitzak 2.600 unitate. Jaietan nahi adina aldiz berrerabili ahal izango da, eta edalontzia itzultzean, gordailuan utzitako euroa berreskuratuko da. Sistema honi esker azken urteetan plastiko hondakin kopuru nabarmena aurreztu egin dela oroitarazi dute agintariek. Eta beraz, herritarrei hauek erabiltzeko deia luzatu diete. Baita hondakinak sailkatzeko edukiontziak ere. Izan ere, Hondarribia, eta bereziki Bentako eszenatokiaren jaigune nagusia Bidasoa ibai bazterrean dagoela ohartarazi du Leire Zubiturrek. «Garbitzaileen lantaldeak indartu ditugu, baina zaborra lurrera bota eta hauek bildu artean haizeak ibaira eraman dezake, beraz herritarrei arduraz jokatzeko eskatu nahi diegu», esan du.
Hondarribiko Udalarekin koordinatutako garbiketa dispositiboaren garrantzia azpimarratu du Ortzi Alonso zinegotziak ere. «Jaiak kalean bizi ditugu, baina hondakinak bereizteko eta gutxiago sortzeko baliabideak baditugu, erabil ditzagun, eta zaindu dezagun Hondarribia guztion artean», eskatu du.