Igor Enparan alkateak intsignia herritarrek «proposatu, baloratu eta bozkatu» egin dutela nabarmendu du. Eta Amunarrizen ibilbidea kirolari lotua bada ere, «herria ordezkatu eta belaunaldi berrientzat eredugarria» izan dela goraipatu du bereziki. Alde horretatik, 1991n Hondarribia Arraun Elkartean hasi zenetik, Amunarrizek lortutako garaipenekin batera, gorabehera guztietan leialtasunaren eredu izan dela azpimarratu du alkateak. «Haizea alde datorrenean gauza bat da, baina itsaso zakarra denean ikusten da nor den patroia», esan du Enparanek, arraunketan lortu dituen bost Kontxako Bandera, 3 TKE Liga edota patroi onenaren bost sariez harago, urte zailetan ere adorea erakutsi duelako.
Traineruan ez ezik, herri oso baten ordezkari izan bada ere, berekin aritu diren arraunlari, klubeko kide eta zaleena ere bada intsignia alkatearen ustez: «herri oso batena». Ioseba Amunarriz Goikoetxeak hainbatetan adierazi duen bezala, «hainbeste urtez hor egoteko kuadrilla on bat behar delako».
Hondarribiko arraunean historia egiteaz gain, gaurdanik Hondarribiko Udalaren urrezko orrialdeetara ere pasa da. Patroiak aitortu du, ez zuela inoiz halako aitortzarik jasoko zuenik pentsatu ere egin. Eskertua agertu da, eta bere senideak gogoan hartu ditu ere, momentu okerrenetan aurrera jarraitzeko pizgarria izan direlako. Eta urteotan guztiotan, harrobitik arraun egin duten hondarribiar guztiak gogoan hartuta, bereziki Arraun Elkarteko presidentea, Joxemi Elduaien, eta beretzat «aita baten figura» izan den Mikel Orbañanos entrenatzailearentzat esker oneko hitzak izan ditu.
Ioseba Amunarrizek Hondarribiko armarriari keinu bat egin dio bere hitzartzean, arraunketan egindako ibilbidean eta herria ordezkatu duen guztietan, Hondarribiko herriaren balioak izan dituelako gogoan. Eta bere ustez, Hondarribia Arraun Elkartearen familia zabalak gorpuzten dituenak. Hondarribiko herria bezala, Ioseba Amunarriz Goikoetxea ere, oso prestu, oso leial, oso adoretsu eta beti oso zintzoa izan delako jaso baitu gaurko omenaldia.