Elkar ezin ikusita oraindik, baina alardean espaloiaz aldatzen doa herria

Antxeta Irratia

Duela 30 urte bidea zabaldu zuen emakume taldea omentzearekin batera, Jaizkibel konpainiak inoiz izandako babesik handiena jaso du gaurko alardean. Udan luzatutako erronka ere onartu dute dozenaka partaidek, eta norbere auzoko edo gustukoen duen uniformearekin desfilatzeko aukera izan dute «emakumeek edozein konpainiatan ateratzeko eskubidea dutela» aldarrikatuz. Agintariek, aldiz, «elkarrizketa espazioak zaintzeko» eta «debaterako formula berriak asmatzeko» beharra dagoela dioten bitartean, EH Bilduk «herritarrak erdigunean» jarri eta «prozesu deliberatibo» bat abiatzeko proposatu du.

1996an Hondarribiko alardean desfilatzeko ausardia erakutsi zuten 26 emakumeak eta laguntzaileak omendu ditu Jaizkibel konpainiak aurten. 30 urtetan izandako desfilerik jendetsuena eta koloretsuena egin du konpainia parekideak, eta herritar askoren babesa sentitu dutela azpimarratu du Nora Ferreira kapitainak. Bere azken urtea du karguan, eta urteotan jai berdinzale batzuen alde egindako urratsak aski izan ez badira ere, bere ustez «beldurra espaloiaz aldatzen hasi da herrian».
 
Izan ere, ikusleen artean izan da bizkarra eman duenik, baina aurten, istilurik gabe txaloak nagusitu dira. «Urtetik urtera gehiago gara desfilatzen, eta ensaioetan ikusi den bezala, desfilatzen ere herriko jende gazte asko batu da», nabarmendu du Urko Iridoy konpainiako ezpatadunak Gernikako Arbolan abiatu baino lehen.
 
Urrats ugari, baina ez aski
 
Alde horretatik, 30 urteko borrokan, azken urteetan Jaizkibel konpainiak espazioak irabazten joan dela agerikoa da. Manifestazio baimenik gabe eta konpainia gisa desfilatzeko ebazpena eman zuen Hondarribiko Udalak lehenik. Eta Nora Ferreirak gogoratzen du, iaz konpainia elkartzeko, Harresilandako Gernikako Arbolako zelaiaren eremu mugatu bat erabiltzeko baimena lortu ondoren, aurten zelai osoa okupatu dutela. Zapateroa egitea egitea ere lortu dutela, baina «helburu nagusia ez dugu lortu, alarde publiko eta parekidea, eta Berdintasun Legea betetzea», dio.
 
 
 
Gernikako Arbolan, ez abiatzean, ezta goizeko desfilearen bueltan ere, bazterretan ez da alarde baztertzaileko konpainiaren arrastorik egon. HAOSEk antolatutako desfilearen partaideek Jaizkibelek bere ibilbidea amaitu arte itxaron baitute konpainiak elkartzeko. Hala ere, alardeko gizon gutxi batzuek babesa adierazi diete emakumeei. Jaizkibel konpainiak ebazpena bete duela azpimarratu du Ferreirak, eta Hondarribiko Udalak eskatuta ordutegia aurreratu egin dutela, baina bere ustez «alarde baztertzaileak nahiago du Gernikako Arbolan egoteko tradizioa ez betetzea gurekin elkartu baino».
 
Jaizkibel konpainiaren filatan ere, alardeko konpainia ezberdinetako jantzien koloreak tartekatu dira aurten. Udan luzatutako Koloreetako kanpaina edo erronka onartu dute dozenaka partaidek, eta norbere auzoko edo gustukoen duen konpainiaren uniformearekin desfilatzeko aukera izan dute, haien aldarri nagusia gogora ekartzeko: «emakumeek edozein konpainiatan ateratzeko eskubidea dutela».
 
30 urte borrokan
 
Aurten hunkigarria izan da Jaizkibelen desfilea. Kale Nagusian duela 30 urte bidea zabaldu zuten emakumeak banderola batekin eta emakumeak alardean parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatzen batu baitira. Konpainiaren aurretik egin dute bidea, eta Arma Plazaren erdi erdian kokatu dira, konpainia osoak inguratu eta «Emakumeak alardean» oihuek, irrintziek eta txaloek hartu dute plaza osoa. 
 
 
izan ere, aurten 30 urte bete dira emakume talde bat lehen aldiz desfilean sartzen saiatu zenetik. Emakume aitzindari haiei gorazarre egin die Jaizkibelek, eta haietako zenbaitek bat egin dute desfilearekin, Gaur 30 urtez borrokan, emakumeok alardean leloa idatzita zuen pankarta bat eskuetan. Geroago, Sainduarako bidean ere, San Nikolas zubitik "Ate hura zabaltzeagatik, milesker" zion banderola handi bat zintzilikatu dute 1996ko irailaren 8 hartan estreinako aldiz desfilean parte hartzen saiatu ziren emakume haien talde argazkiarekin.
 
Elkarrizketan sakontzeko beharra
 
Baina 30 urte iragan dira, eta emandako aurrerapausoez harago, gaur alardearen baitan banatua dagoen herri baten irudia errepikatu du Hondarribiak. Eta herrikoez gain, erakunde publiko eta alderdi politiko ezberdinetako ordezkariak haien jarrera edo babesa adierazteko hurbildu dira Hondarribira.
 
 
Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendariak argi utzi du hala ere, elkarrizketaren bidean sakontzeko beharra dagoela, hiru hamarkada geroago ere. «30 urte asko dira, eta horrek erakusten digu arazo konplexu baten aurrean gaudela, eta eragin handia duela Hondarribiko herritarrengan», argitu du, baina arazoa konpontzeko elkarrizketa da bidea bere ustez. «Gezurra badirudi ere XXI. mendean gaude eta eskubideak defendatu beharretan gaude, baina nire ustez elkarrizketa espazio horiek zaindu behar ditugu, eta belaunaldi berriak hor egon behar dute ekarpen handia egin dezaketelako», eskatu du. 
 
Hondarribiko alkateak ere agintaldi honetan udalak bultzatu duen elkarrizketarako bidean sinetsita dago. Eta HAOSEk joan den urrian sortutako mahaia utzi zuen arren, Igor Enparan «herritar, eragile eta alderdi politiko guztiek elkarrizketarako borondatea» daukatelakoan dago. «Egia da Hondarribian arazoak ditugula, ezin da ezkutatu hori, beste herri guztietan bezala, baina debatea behar du guztion aldetik», esan du goizeko alardea amaitutakoan. Aitortu du, hala ere, «oraindik ez dugula asmatu nola herri honetan», baina horretarako elkarrizketarako formatuak berrikusi beharko direlakoan dago. «Formula berriak asmatu beharko ditugu», esan du Enparanek, alkate den heinean horretarako prest dagoela hitzemanez.
 
Hala ere, gaurko alarde egunean ez da oharkabean pasatu, Hondarribiko EAJ-PNVko hurrengo hauteskundeetarako hautagaiak, Maria Serranok, ez diola Jaizkibel konpainiari harrerarik egin. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, berriz, alarde osoa ikusi du elizaren atarian, eta «jaiak elkarrekin ospatzea merezi dugula» argitu badu ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat «elkar aitortza eta errespetua giltzarri» dela uste du, eta elkarrizketarako bideak berreraikitzeko Hondarribiko Udalak eskatzen duen laguntza emateko prest azaldu da. 
 
Alde horretatik, EH Bilduko Gipuzkoako buruak, Maddalen Iriartek gogoratu du «eskubideetan aurrera egiten ez duen guztiak, atzera egitea suposatzen duela». Eta 30 urte ondoren, erakundeei konponbide bat bilatzeko politikak egin ditzaten exijitu die. Hondarribiko EH Bilduko Garoa Lekuona zinegotziak ere aitortu du, gobernukide diren heinean ezin izan dutela agintaldi honetan nahiko lituzketen urrats guztiak egin ahal izan. «Elkarrizketa da bidea, baina herritarrak jarri behar ditugu elkarrizketa horren erdigunean, horregatik proposatzen dugu prozesu deliberatibo bat abiatzea», eskatu du.
 
Podemos Euskadiko ordezkariak ere hurbildu dira urtero bezala, udaletxeko arkupeetan Jaizkibel konpainiari babesa adieraztera. Eta Gipuzkoako Batzarretako alderdiko bozeramaile Miren Etxebestek erabaki ausartagoak proposatu ditu. «Alarde baztertzaileak ez du bere jarrera aldatzeko asmorik, 30 urte pasatu dira, eta bada garaia Hondarribiko udalak lidergoa hartzeko, eta alarde publiko eta parekide bat antolatzeko», aldarrikatu du.