Atzo Hondarribiko Arrantzale Eguna operazio polizial batekin amaitu zen. Bi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak Bidasoko GKSk Itsas Etxeko teilatutxoan zabaldutako bi pankarten harira. Bata faxismoaren aurkakoa, eta urriaren 9tik 12ra Elizondon antolatu duten Gazte Topagune Sozialistara deituz bestea. 22:30ak aldera Hondarribiko udaltzainak agertu ziren, eta pankarta jartzen ari ziren gazteekin oldartu eta inguruko jendea jo egin zutela salatu du GKSk. Pankarta zabaldu zuten bi gazteei eskuburdinak jarri zizkieten, eta ondoren Ertzaintzaren istiluen aurkako operatibo bat mobilizatu zen Matxin de Arzu kalean.
Itsas Etxearen aurrean tentsio uneak bizi izan ziren, gazte talde batek aurre egin baitzien. Eta ertzainek borra eta foam jaurtigailuak eskuan agertu zirela salatu du GKSk «ezer gertatzen ari ez zen momentu batean». Bidasoko GKSk gertatutakoa salatzeko mobilizazio deialdia luzatuko du arratsalde honetan (hitzordua baieztatzeko dago lerro hauek idazterakoan), eta sareetan salatu du, atzo gertatutakoa «poliziaren bortizkeriaren eta inpunitatearen enegarren adibidea» dela.
Aipatutako bi atxilotuez gain, jendea lepotik heldu zutela eta ingurukoei jo ere egin zietela dio Gazte Kontseilu Sozialistak. Alde horretatik, Hondarribiko Udaltzaingoari leporatu dio gazte kolektiboak emandako egoera bortitza, «udaltzainen jarrera aspalditik datorren kontua» dela azpimarratu dute, eta «atzo eztanda egin duela». Argitu dutenez, identifikazio soil bat izan zitekeena Ertzaintzaren presentziarekin «operazio neurrigabe eta biolento batean» eratorri zen.