Iazko bidaiari marka %1 hobetuz, astelehenean Florentziara hegaldia ere estreinatuko du aireportuak

Antxeta Irratia

Bidaiarien gehiengoa Madril (133.656) eta Bartzelonako (83.202) hegaldiek suposatzen duten bitartean, abuztura arteko datuen artean British Airways konpainiak astean hirutan eskaintzen duen London City aireporturako hegaldiak %40 bat hazi da 2026 honetan, eta apiriletik uztailera Malagako hegaldiek lortu dute okupazio tasarik handiena %94 batekin. Irailaren 21ean Florentziara (Italia) lotura estreinatuko du Hondarribiko aireportuak Volotea konpainiarekin, eta Sevillara hegaldia ere berreskuratuko du udazken honetan.

Hondarribiko aireportuak 324.074 bidaiari jaso ditu abuztu bukaera bitartean. AENAk plazaratutako datuen arabera, 2025ean baino %1 gehiago da, baina marka historikoa egin zuen 2024 urtearekin alderatuta, aldiz, %1,4 gutxiago. Argitu dutenez, 4.000 bidaiari inguruko apaltzea, Valentziako lotura desagertzearen ondorio da, eta Sevillako lotura urte osoan zehar mantentzen ez delako.

Izan ere, gainerako hegaldi zerbitzuei dagokienez aireportua osasuntsu dago, eta urte bukaera oparoa aurreikusten dute. Udazkenean Sevillako hegaldiak berreskuratzeaz gain, Florentziara (Italia) bidaiatzeko hegaldi berria irailaren 21ean estreinatuko baitu, astelehen eta ostegunetan, Volotea konpainiaren eskutik. 15 urte pasatu dira Hondarribiko aireportuak Italiara hegaldirik eskaini gabe. Air Nostrum konpainiaren Erromarako zerbitzua izan zen azkena. Eta oraingoan Hondarribiko aireportuak Italiara bidaiatzeko hegaldi eskaintza berreskuratuko du Volotea konpainiaren eskutik. Espainiar konpainiak Menorca, Malaga eta Mallorcara hegaldiak eskaintzen ditu ere, dagoeneko udaberrian eta udazkenean.

2026ko bidaiari datuak aztertuz gero, Iberiak eskaintzen duen Madrilgo lotura da erabiliena. AENAren datuen arabera, 133.656 bidaiari jaso ditu orain arte, iaz baino %0,3 hegaldi gutxiagorekin. Alde horretatik, hegaldien okupazio maila altua du Madrilgo zerbitzuak, batez bestean 120 bidaiariekin. Era berean, bigarren postuan Vueling konpainiak eskaintzen duen Bartzelonako hegaldietan 83.202 bidaiari jaso dituzte aurten, %7,9 gehiago, eta 127 bidaiari eramaten dituzte hegaldiko batez bestean.

Hala ere, okupazio mailari dagokionez, Malagako zerbitzua da arrakastatsuena. Apiriletik uztailera martxan egonagatik ere, Volotea konpainiak erabiltzen duen A319 hegazkinak 156 eserlekuen %94ko okupazio maila mantendu du, eta guztira 11.119 bidaiari jaso ditu, iaz baino %8,5 gehiago. Mallorca eta Menorcara hegaldiek ere 130 bidaiari inguru daramatza zerbitzu bakoitzean.

Bestalde, urte osoan operatibo mantentzen diren beste hiru loturek ere garapen azkarra izan dute aurten. Abuztua bitartean, Kanaria Handia uhartera 10.992 bidaiari (%3 gehiago) eta martxoaz geroztik martxan dagoen Tenerifera hegaldiak ere harrera beroa izan du. Dena den, emendiorik nabarmenena British Airways konpainiak London City aireportuko loturak jaso du, astean bi hegalditik hirura pasa da aurten, eta 9.938 bidaiari bildu ditu (%40,3 gehiago). 

Azkenik, Hondarribiko aireportua Eskoziarekin lotura egokitu egin dute aurten. Izan ere, maiatzetik uztailera arte Edinburgora bidaiatzeko aukera eman zuten bitartean, udan Glasgow loturak hartu zuen lekukoa irailaren 8a arte. Biak kontuan hartuta, 2.924 bidaiarik erabili dute British Airwaysen filiala, Cityflyerrek Eskoziara eskainitako hegaldia.