Udaltzain batek gizon bat tiroz hil zuen atzo arratsaldean, Hondarribian. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizonak arma zuri bat zeraman, eta harekin mehatxu egin zien San Pedro kaleko ostatu batean zeudenei. Deia jasota, haraino bertaratu ziren Udaltzaingoko eta Ertzaintzako agenteak. Zuloaga, Matxin de Arzu eta Itsasargi kaleak batzen dituen biribilgunean atzeman zuten gizonezkoa. Eta esku hartu zuten poliziak gizonak bere jarrera alda zezan saiatu ziren, baina ez dute lortu.
Segurtasun Sailaren arabera, gizona behin baino gehiagotan saiatu da Irungo ertzain etxeko kide bat zauritzen. Eta udaltzain batek arauzko arma erabili zuen erasoari aurre egiteko. Lekukoen arabera poliziak hirutan egin zuen tiro.
Tirokatua izan ondoren, polizia agenteek lehenik eta bertaratutako larrialdi zerbitzuek gero, biktima suspertzen saiatu ziren baina heriotza baieztatu baizik ezin izan zuten egin.
Hildako gizona Babacar Welle da. 46 urte zituen eta Segurtasun Sailak zehaztu duenez, hainbatetan atxilotu dute aurretik. Antxeta Irratiak jakin duenez, Irungo Zubia gizarteratze zentroko erabiltzaile ohia zen, eta duela urtebete Grupo Campezo enpresan lan egin zuen, pairatzen zituen buruko nahasmenduak medikazioari esker kontrolatuak zituela. Azken aldian, berriz, kale egoeran aurkitzen zen, eta bistan denez, botika hartzeari utzita osasun mental arazo larriak zituen. Izan ere, eskualdean ezaguna zen azken hilabeteetan hainbat gertakariengatik.
Joan den udan, hain justu, Hondarribian atxilotu zuten, Bidasoa ibaian itsasontzi batean labain batekin agertu zen beste episodio baten ondorioz.