. Haien artean, Arrats elkarteak gogoratu du, erakundean artatutako herritarra zela Babacar, eta Euskal Herriko senegaldar komunitateari dolumina adieraztearekin batera, «halako amaiera mingarriak eragiten dituzten egiturazko hutsuneak zein erakundeen inakzioa» salatu ditu. Aditzera eman dutenez, elkarteko kide izan zen denboran «itxaropenez beteriko Babacar bat ezagutu genuen, Euskal Herrian etorkizuna lantzeko ilusioarekin etorritakoa».
Alde horretatik, hildakoak azken aldian pairatzen zuen egoera zaurgarria kontuan hartuta, Arrats elkartearen ustez, «ez du tiro batek hil, gizarte-bazterkerian pertsonak kronifikatzen dituen eta askotan, gaixotasun mentala sortzen duen sistema horren eraginkortasun faltak hil du». Era berean, erakundeei «hausnarketa zintzoa» egin dezatela eskatu die, eta premiaz abian jar ditzatela politika eraginkorrak gizarte-bazterkeriaren, buru-osasunaren, polizia-ereduaren eta espetxe-sistemaren arloetan.
Arrats elkarteak dioenez, «eusten ez den osasun sistema eta buru-osasunaren sarbide mugatua, eta partxeak jartzen dituen ongizate sistemaren biktima» izan da Babacar. Eta gogoratu dute, pertsona arrazializatuen kontra indarkeria erabili, eta buru osasunak eragindako krisialdietan «trebetasun gutxiko esku-hartzeak egiten dituen polizia eredua» agerian geratu dela berriro ere. Izan ere, Babacar ez da lehena izan, eta zoritxarrez, ez dute uste azkena izango denik.
Bestalde, SOS Arrazakeria elkarteak ere, Babacarren heriotzak «poliziaren jarduna eta osasun mentaleko politikak zalantzan» jartzen dituela nabarmendu du. Eta gogoratu dute Hondarribian bizitzen urteak zeramatzan Bababcar Welle tiroz hil zuen poliziaren jardunak ezin duela zigorrik gabe geratu. Irailaren 28an Hondarribiko erdigunean emandako gertakari larriak ikusita, «herritarrak seguru al daude halako jarduerak izan ditzakeen polizien aurrean?», galdetzen dute. Izan ere, «ez da onargarria buruko osasun arazoengatik ezaguna den bizilagun batek ertzain eta udaltzainak aurrean zituela sortutako egoera konpontzeko, bere bizitzarekin amaitu behar izatea», salatu du erakunde anti-arrazistak.
Era berean, hala sare sozialetan, nola zenbait komunikabideetan, gertakari lazgarri hauek gorroto-mezuak zabaltzeko baliatu dituztenen jarrera arrazista salatu du erakundeak. Eta bereziki «mezu horiei oihartzuna emateko beren orrialdeak eskaintzen dituzten komunikabideen ardura», nabarmendu du.
Irungo Harrera Sareak ere gogor salatu du komunikabideen jokamoldea. Eta zehazki, DVri (El Diario Vasco) exijitu dio itxi ditzatela komentatzeko espazioak, bertan identifikaezinak diren harpidedun batzuk zigor-kodearen 510 artikuluak zehazten duen gorroto deitutzat har daitezkeen iruzkinak egiten dituztelako kontuen anonimotasunak babesturik, eta komunikabideak onartuta. «Hausnartu beharra dago gero eta nabarmenagoa den kale egoeran dauden atzerritarrenganako eta kolektibo zaurgarrienganako gorroto giroaren inguruan», dio IHSk, «mezu hauek pobrezia, migrazioa eta delituak modu bidegabean lotuz, gorrotoaren katea indartzen dutelako, eta eskuin mutur joerako talde populistak agertzea ahalbidetzen du».
Irungo Adiskidetuak kulturarteko elkarteak ere, Babacar hainbat urtez ezagutu eta artatu izan zuela gogoratu du. Eta egun hauetan komunikabideetan ager daitezkeen informazio eta aurrekariez harago, bere bizitzako hainbat unetan izandako zailtasunak, eta haren egoera pertsonala eta soziala konplexua zela azpimarratu du. «Uste dugu iraialren 28an gertatutakoak haren bizitzako azken minutuetatik harago doan begirada ere merezi duela», dio Adiskidetuak elkarteak.
Izan ere, beharrezkoa iruditzen zaie hausnarketa sakonago bat egitea: «Urteetan zehar hainbat baliabide, zerbitzu eta erakunderen eskuetatik igaro den pertsona batek halako egoera dramatikoetan bizia galtzen duenean, denon artean galdetu behar diogu geure buruari zer gertatu den ibilbide horretan zehar, eta gure arreta sozial, sanitario eta instituzionaleko sareak behar adina baliabide, koordinazio-mekanismo eta esku hartzeko gaitasun ote dituen kalteberatasun bereziko egoerei erantzuteko».
Era berean, gogoratu dute, atzerritarrekin zuzenean lan egiten duen elkartean den heinean, ongi ezagutzen dutela espediente bakoitzaren atzean historia pertsonal bat dagoela. Eta batzuetan, prekaritate, isolamendu edo integrazio zailtasunak eta bestelako egoera konplexuak izaten dira.