Voloteak 2027ko udarako hegaldien salmenta aktibatu du hartzekodunen aurreko konkurtso batean sartu berritan

Antxeta Irratia

Hegazkin-konpainiak dituen zorrak kitatu ezinik, dauzkan 44 hegazkinetatik 30-35 artera pasatzeko berrantolaketa plana aztertzen ari da, hartzekodunekin zorra negoziatzen duen bitartean. Baina Hondarribiko aireportuan eskaintzen dituen zerbitzuak mantenduko dituela iragarri du, eta Mallorca, Menorca, Malaga, Sevilla eta Florentziako hegaldietarako txartelak saltzen hasi da ezohikoa den urtebeteko aurrerapenarekin.

Volotea hegaldi konpainiak pilatuak dituen zorrak direla eta murrizketa plan bat lantzen ari da. Hartara hartzekodunen aurreko konkurtso edo kontsulta batean sartu da. Iragarri dutenez, aire-konpainiak zorra berrantolatzeko negoziatzen ari da hartzekodunekin, eta bere flota 44tik 30 edo 35 hegazkinera murriztea aurreikusten du.

Hegazkin-konpainiak bere jarduera normaltasunez jarraitzen du, beraz, aurrekonkurtsoan sartzeak ez du une honetan hegaldien edo ibilbideak bertan-behera uztea eragingo. Baina konpainiak egoera finantzario zail bat bizi du, eta beste faktore batzuen artean, erregaien kostuaren igoerari leporatzen dio, 150 milioi euro inguruko eragina duen estimazioarekin. Doikuntza-planaren barruan, une honetan konpainiak dauzkan 44 hegazkinetatik 30 eta 35 arteko flotara murriztea aurreikusten du, eta kostuak murrizteko neurri berriak aztertzen ari da. Hala ere, Hondarribiko aireportuan eskaintzen dituen hegaldiak bere horretan mantenduko ditu mementoz.

Are gehiago, hartzekodunen aurrekonkurtso egoeran aurkitzen bada ere, Voloteak Hondarribian eskaintzen dituen hegaldien salmenta ia urtebeteko aurrerapenarekin egiteko aukera eskaintzen du aste honetatik aurrera. Heldu den udako eskaintza aurkeztu du, eta Balear Uharteak eta Andaluziako Malaga zein Sevillara hegaldiak 28 eurotik hasita eros daitezke dagoeneko 2027ko udarako.

Volotea 2021ean hasi zen Hondarribian zerbitzu ematen. Orduz geroztik hazkunde nabarmena izan du, bidaiari kopuruetan eta hegaldi eskaintzari dagokionez. Eta orain iragarri dutenez, Malagara joateko txartelak 28 eurotan salgai jarri ditu dagoeneko 2027ko martxoaren 28tik urria bitartean. Hain justu, AENAk emandako datuan arabera, aurtengo apiriletik uztailera Malagako hegaldiek lortu dute okupazio tasarik handiena Hondarribiko aireportuan. Zehazki, konpainiak erabiltzen duen A319 hegazkinak 156 eserlekuen ko okupazio maila mantendu du, eta guztira 11.119 bidaiari jaso ditu 2026 honetan, iaz baino %8,5 gehiago. Mallorca eta Menorcara hegaldiek ere 130 bidaiari inguru daramatza zerbitzu bakoitzean.

Hain zuzen ere, Mallorca, Menorca, Sevilla eta Florentziara bidaiatzeko txartelen salmenta ere aktibatu dute 2027 urterako. Argitu dutenez, Mallorcako konexioa 2027ko apirilaren 3tik urriaren 30era martxan izango dute 28 eurotan, asteazkenero eta larunbatero. Eta Menorcako hegaldien kasuan, aldiz, 2027ko maiatzaren 28tik urriaren lehena bitartean, asteartero eta ostiralero. Hegaldien txartelak ere salgai daude jada 28 euroko prezioan.

Bestalde, Sevillako hegaldi eskaintza ekaina arte astean bitan egingo du Voloteak (urtarrilean izan ezik) 30 eurotan. Eta udazkenean Sevillako hegaldiak berreskuratzeaz gain, Florentziara (Italia) bidaiatzeko hegaldi berria irailaren 21ean estreinatu berri zuela, astelehenetan eta ostegunetan, eta hau ere mantentzen dutela iragarri dute.

Hala ere, aire-konpainiak abendu honetarako itxi nahi du berrantolaketa finantzarioa, eta aipatutako planarekin murriztuko dituen hegazkin kopuruen arabera, agerikoa da Espainiako estatu mailan eskaintzen dituen hegaldiak edo maiztasunak egokitu beharko dituela.