Zaldunborda Berri eta Higertokik erreklamatutako 13,7 milioiko kalte-ordainen demandan «iruzurra» dagoela ondorioztatuta bide penalera joko du Hondarribiko Udalak

Antxeta Irratia

Zaldunborda Berri eta Higertoki sozietateek Hondarribiko Udalari 13,7 milioi euro erreklamatzeko hasitako prozedura judizialaren aurrean, Hondarribiko Udalak Higertoki enpresaren aurkako demanda penala aurkeztea erabaki du atzoko udalbatzan, Igor Enparan alkateak joan den urtarrilean iragarritako auditoretzaren emaitza jaso ondoren. Bertan jasotzen da 13,7 milioi euro horietatik onargarriak diren 2,5 milioi euroko fakturak aurkeztu dituztela, eta beraz 10,5 milioi inguruko «eskaera iruzurra» dela ondorioztatuta, bide penala jorratuko du Hondarribiko Udalak herritarren interesa defendatzeko.

 

 

«Interes publikoa babesteko, irizpide teknikoen bidez demandan argudiatutako kontzeptu ekonomikoen errealitatea eta trazabilitatea egiaztatzeko analisi sendoa» egingo zutela iragarri zuen Igor Enparanek joan den urtarrilean, Zaldunbordako proiektuaren enpresa sustatzaileek 13,7 milioi euroko kalte-ordainen demandaren berri jaso zuenean. Hondarribiko Udalak «gardentasun osoz» jokatuko zuela, eta jasotako ondorioak herritarrei jakinaraziko zitzaizkiela hitzeman zuen. 

Hala bada, udalbatzan aditzera eman dutenez, udalak demanda penalaren bidea hartzea erabaki du, aipatutako 13,7 milioi euroko «eskaera iruzurra» dela ondorioztatuta. EH Bilduko bozeramaile eta gobernukide Garoa Lekuonak argitu duenez, enpresek aurkeztutako 13,7 milioi euroko kalte-ordainen demandan kopuruak justifikatu behar zituzten, baina auditoretzak argitu ditu gauzak. «Udalak zorroztasunez lan egin du, auditoretza eskatu zuen, eta txosten mardula daukagu», dio Lekuonak, «eta bertan jasotzen da 13,7 milioi euro horietatik 2,5 milioi euroko fakturak aurkeztu dituztela onargarriak direnak». Horren arabera, Higertoki enpresak aurkeztutako hasierako demandatik 10,5 milioi eurotik gora ez dute oinarririk, eta udal agintariek diotenez, «herritarren interesaren defentsan gure aholkulari juridikoek esaten digute bide penala dela jorratzekoa duguna».

Gaintxurizketa gaineko interesen korapiloa

Zaldunborda Gelditu! plataforma mega-proiektua geldiarazteko sortu bazen ere, hainbat talde ekologistaz osatutako Bidasoaldeko Lagunak elkarteak ere gogor borrokatu zuen helburu berbera 2017an epaileek HAPOa bertan behera utzi zuten artean. Egitasmoak Jaizkibel-Aiako Harria korridore ekologikoari kalte egingo liokeela gogoratu zuten, Zaldunborda bien artean baitago, Gaintxurizketan. Proiektuaren sustatzaileak petrolioaren sektoreko enpresak zirela ere azpimarratu zuten ekologistek, Petronor eta Avia kasu.

Orduko Hondarribiko alkatea, Txomin Sagarzazu, presidente zuen Hondarribia Lantzen enpresa publikoak Higertoki SLU enpresari esleitu zizkion Zaldunbordako lur horiek 2016an, EAJren aldeko botoekin baino ez. Esleipena «korrika eta presaka» egin zela, eta enpresa bakarra aurkeztu zela salatu zuten ekologistek. Eta lur horien jabetza lortzeko espreski sortutako enpresa zela gaineratzeaz gain, lurren birkalifikazioari lotuta irregulartasunak ere salatu zituzten. Eremua jardun ekonomikoetarako lur izendatzearen aurka agertu baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordea. Hortaz gain, Higertoki enpresa eta EAJren arteko lotura zuten izenak mahai gaineratu zituen EH Bilduk, tartean Hondarribiko alkate ohia Aitor Kerejetarena.

Hondarribiko Abotsanitz herri batzarra izan zen (orduan oposizioan) gaia mahai gainean jarri zuen lehena, «udal gobernuaren aldebakarreko jarrera eta erabaki itsu eta okerrengatik» kezkatuta. Eta Zaldunborda urte luzeetan hondakindegi ilegal gisa erabilia izan zela salatu ondoren, megaproiektu komertzialari bide emateko, zuhaizti bat baimenik gabe suntsitu izana ere salatu zuen. 

Irungo Udaletik ere jo zuten proiektuaren aurka, arrazoi ekologikoengatik eta tokiko komertzioarengan izan zezakeen ondorioengatik. Izan ere, Irungo udalbatzak Si Se Puede Irun alderdiaren mozioa onartu zuen 2017an, Hondarribiko Udalari proiektua geratu zezala eskatuz.