Astelehenean Hondarribian Babacar Welle tirokatu zuen udaltzaina operatiboetatik kendu dute, eta arma konfiskatu diote. Polizia iturrien arabera, neurria ez da diziplina-neurri baten ondorioa, horrelako gertakari larrietan parte hartzen duten polizia-agenteei aplikatzen zaien ohiko protokolo estandarra baizik, gertakariak argitu bitartean zerbitzuz kanpo uztea.
Alde horretatik, gertakariaren ikerketa martxan dago, eta Ertzaintzak aurretiazko ikerketa bat egiten ari da prozedura legalak hasi aurretik. Irungo epaitegiak hartuko du parte prozeduran.
Euspel sindikatu polizialak bere babes osoa adierazi dio agenteari, eta adierazi du bere jarduketak «mehatxatutako agentearen heriotza saihestu zuela». Sindikatuak Hondarribiko alkatearen adierazpenekin bat egin du hala ere. Udaltzainaren jokabidea baloratzeko «ikerketa zorrotza, inpartziala eta profesionala» egin beharra dagoela azpimarratu baitu Igor Enparanek. Era berean, Babacar Welle herritarraren heriotzaren biharamunean aitortu zuen, kasuak biktimari emandako babes instituzionalean hutsegitea, eta honekin bat dator sindikatu poliziala.
Erne sindikatuak bere aldetik, udaltzainei taser pistola bezalako bitartekoak eskaintzeko beharra aldarrikatu du, suzko armak erabiltzea saihesteko. Argitu dutenez, gaur egun Gipuzkoan halako bi taser pistola besterik ez daude erabilgarri polizi indarren artean, Donostiako Udaltzaingoak duen bakarraz gain, beste lau enkargatu baditu ere. Sindikatuek diotenez, ezbeharrak ekiditeko polizi-agenteen esku alternatibak jarri beharko lituzkete.
Sindikatuak Hondarribiko alkatearen dimisioa eskatu du, Udaltzaingoaren ardura zuzena berea dela eta Gizarte Zerbitzuetan aitortutako gabezia argudiatuta.