Babacar Welle herritarraren heriotzaren biharamunean, Igor Enpara Hondarribiko alkateak aitortu zuen, erakundeetatik ez direla gai izan egoera zaurgarrian zegoen pertsona honi laguntzeko. «Koordinazio gehiago behar da gizarte eta osasun zerbitzuen artean, ez gara tresnak emateko gai izan pertsona honi atzokoa gertatu ez zedin», adierazi zuen Antxeta Irratian. Bestalde, gertakarien larritasunaren aurrean, alkateak argi utzi zuen «zuhurtziaz jokatu» behar zela, baina udaltzainaren jarduna egokia izan zen ala ez argitzeko, «ikerketa inpartziala, independentea eta profesionala» behar zela.
Adierazpen publikoez gain, alkatea Mamadou Moustapha Loum Senegalgo kontsul nagusiarekin eta Babacar Welleren senide eta gertukoekin bildu zen udaletxean. Eta une gogor hauetan elkartasuna adierazteaz gain, Hondarribiko Udalak gertatutakoa argitzeko abian jarritako bideetan laguntzeko eta kolaboratzeko konpromisoa aditzera eman zien.
Hartara, Hondarribiko Udalak gertakariak «zorroztasunez, gardentasunez eta berme guztiekin argitzeko» bide judizialaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeari ikerketa sakon eta independentea egiteko eskatu zion. Eta batzordeak eskaera onartu eta kasua aztertzea erabaki du.
Horretarako, beharrezkoa den informazioa eta dokumentazioa helaraziko diote. Eta Hondarribiko Udalak nabarmendu duenez, batzorde horrek egingo duen ikerketak gertatutakoa «ahalik eta osotasun eta objektibotasun handienarekin argitzen» lagunduko du, eta abian den ikerketa judizialaren osagarri izango da.