Ernesto Villar: «Fenomena jaialdian atmosfera berezia sortzen da beti, eta sua bizirik mantendu nahi dugu»

Koldo Nausia

Iaz Fenomenaren hamargarren edizioa jaialdiaren historian «mugarri» izan zen Ellioth Smith musikariari omenaldi kontzertu berezi batekin ospatu zuten. Urriaren 10 honetan 11. edizioa ospatuko dute Hondarribiko hondartzako aparkalekuan. Soinu kalitatea eta kartela mimo handiz zaintzen du Fenomena kultur elkarteak, eta babesleen eta 50 boluntarioen lanari esker, Usted eta Silitia taldeekin batera, Norvegiako Motorpsycho eta Erresuma Batuko Dream Nails espresuki Hondarribira datoz «akelarre epikoa» egitera.

Larunbatean, urriak 10, 17:00etan entzungo dira aurtengo Fenomena Jaialdiaren lehen akordeak. Antolatzaileen aurtengo helburua festibalaren sua piztuta mantentzea dela azpimarratzen du Ernesto Villar. Kultur elkarteko kideak argitu duenez, aurten lau kontzertutara mugatu dute kartela «kalitateari lehentasuna» eman nahian. Izan ere, Fenomena jaialdi eklektikoa izan da beti bere karteletan, urtero musika estilo eta jatorri ezberdinak proposatzen baititu. Baina «soinu teknikaren kalitatea eta musika taldeen hautaketa ez da negoziablea». 

Alde horretatik, mimo handiz zaintzen dute dena, eta jaialdia posible egiteko 50 bat boluntariok lan egiten badute ere, goi mailako esperientzia musikala eskaintzen saiatzen direla dio Villarrek. «Atmosfera berezi bat sortzen da beti, musika talde bereziak entzuteko aukera ematen du, eta horregatik inguruko eskualdeetatik jende asko hurbildu ohi da», kontatu digu Ipar Euskal Herritik, Nafarroa eta Bizkaitik ere ikusleak baitatoz urtero, «eta musika taldeek ere asko gozatzen dute, eskertu ohi dute dena zaintzen dugula, eta ikusleekin sortzen den aparteko giroa». 

Hamarkada luze honetan aldaketa asko bizi izan ditu jaialdiak. Eta dirulaguntza eta babesleen menpe daudenez, urtero dilindan dagoen hitzordua da. Bana momentuz urtero atera dute aurrera. Eszenatokiaren eremua ere aldatu behar izan dute antolatzaileek hasieratik hona. Lehen edizioetan Alde Zaharrean antolatzeko «ideia erromantikoa» alde batera utzi behar izan zutela aitortzen du Ernesto Villarrek. «Beti eman diogu garrantzi handia soinu kalitateari, eta antolakuntzak eskatzen zuen logistika ikusita, ez zen irisgarria», gogoratzen du. Kirol kaiaren aldameneko Hondartzako aparkalekuan ospatu dute azken urteetan, eta urriaren 10 honetan, 17:00etan hasi eta gauerdira bitartean, hango eta hemengo rock eta musika zaleak erakarriko ditu Hondarribira.

Hamarkada baten ondotik, «jendeak jaialdiaren filosofia» zein den ulertu duela pentsatzen du, eta ondo errotuta dagoela. «Mainstream ez izanik ere, atzerrian, estatuan eta Euskal Herriko musika eszenan dauden kalitatezko musika taldeak gozatzea», izan da haien helburua hastapenetik. Horrela, edizio edizio, Niño de Elche, Los Estanques, Biznaga, Ruper Ordorika, Tulsa, Sr. Chinarro, Vulk, La Perra Blanco edo Ebbot Lundberg bezalako artistak, edota TOC, La URSS, Adios Amores, Tiburona... modukoa apustu emergenteak pasatu dira Fenomenako oholtza gainetik.

Fenomenaren akelarrea

Aurtengoan, aldiz, «akelarre musikala» hitzematen dute. Gaualdia DJ Tirayaren emanaldi batekin borobilduko dute gauerdia luzatzeko. Diotenez, elektro, urban, afro eta latin DJ saioa Madrilen bolo-bolo dabilen artista honek jarriko badu, lau kontzertuen kartelak jaialdia bere heldutasunera iritsi dela erakusten du.

Hitzordua 17:00etan emana dute Hondartzako aparkalekuan. Roberto Miranda musikari eta perfomerraren eskutik Usted hirukotearen rock alternatiboarekin hasiko dira. Ondoren, Erresuma Batutik datorren Dream Nails taldearen punk estiloak hartuko du lekukoa 18:00etan. Mimi Jasson ahotsean, Lucy Katz eta Anya Pearsonekin bateraz "Primal" deritzoten etapa berri batean murgildu da hirukote britaniarra. 

Jarraian, 19:45ean, Norvegiatik (Trondheim) zuzenean Hondarribira datorren Motorpsycho taldea ariko da. 1991an Lobotomizer ehen diskoa plazaratu zuenetik, urtero disko berri bat kaleratu duen taldea da, rockaren historiako kasu bakarra. Eta haien azken lana "The Gaia II Space Corps" aurkeztuko dute Hondarribian. 

Kartela Euskal Herriko eszenan indartsu ari den Silitia talde bizkaitarrak borobilduko du, brioch pop eta punky estiloa proposatuko du. Ibai Silicato, Xabier Barrutia, Dani Artetxe eta Adri Lorenzok osatutako laukoteak disko berria aurkeztuko du. 

Kontzertuak dohainik dira. Baina antolatzaileek gogoratzen dutenez, urtero txosnan edalontzi solidarioa salduko dute 2 eurotan. Aurten Euskadi Surflari erakundea laguntzeko bideratuko dute dirua. Donostian bazterketa sozialean dauden gazteekin lan egiten duen elkartea.