Alde Zaharreko eraikinen %20 inguruan termiten arrastoak atzeman dituzte

Koldo Nausia

2014 urtean azterlana egin zuen Hondarribiko Udalak, gerora esku-hartu gabe, eta orduz geroztik kolonia berriak ez dira gehiegi hedatu, baina «erradikalizatu» egin direla aitortu du Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak. Tecnaliak ikuskatu dituen zurezko egiturazko 126 elementuetatik %20an topatu dute termiten arrastoa. Eraikinetan egin beharreko esku-hartzeaz harago, termiten habiak akabatzea da lehen helburua, eta kontzentrazio handiena Kasino Zaharreko lorategietan, Murrua kaleko tamarindoetan eta Arma Plaza alboko berdegunean (Hostal Zaragoza) atzeman dute.

Termitak jota dauden etxeekin kezkatuak daude Hondarribian. Jabeek noski, baina arduratuak daude udal agintariak ere. Joan den astean Alde Zaharreko bizilagunei udalak abian jarritako azterlanaren diagnostikoaren berri emateko bilera publikoa antolatu zuten udaletxean. Eta aretoa leporaino bete egin zen, egonezina orokorra izanagatik ere, norbere etxearen egoerarekin kezkatuak hurbildu baitziren auzokideak.

Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak jendearen urduritasuna ulergarria dela uste du. «Bizilagunak kezkatuta daude normala den bezala, duela hamarkada bat baino gehiago informatu zitzaielako termiten presentziaz, eta horrenbeste urtetan esku hartu ez izanak hainbat egitura asko kaltetu dituelako», argitu du. Izan ere, kontua ez da berria. 2014 urtean Tecnalia enpresak Alde Zaharra eta Portua auzoetan termiten kontrako tratamendua hasi aurreko ikerketa sakona egin zuen. Hondarribiko Udalak 60.000 euro bideratu zituen horretarako 2013 urteko aurrekontuetan. Baina gerora, diagnostikoa eskuetan zuela, udalak ez zuen tratamendua modu integral batean egin.

Dozena bat urte geroago, azterketa eguneratu egin behar izan dute. Eta lehentasuna Alde Zaharrean jarri dute. Urtizbereak argitu du, ez dutela Portua ahaztu, baina adituen gomendioak jarraituz, egoera kudeatzeko bi fasetan egitea errazagoa zela ikusita, Alde Zaharrean ekitea lehenetsi du udalak. Izan ere, badira zenbait eraikin nabarmen hunkituak daudenak.

Uste baino egoera hobeagoa

Oro har, naturan hildako egurra deskonposatzen beharrezkoak ditugu termitak. Baina badirudi Hondarribiko zenbait gunetan kolonia nabarmenak daudela. Eta Alde Zaharrean termiten izurria akabatzeko, aurretik lan handia dagoela ondorioztatu dute egindako diagnostikoan. Hala ere, lasaitasun mezu bat helarazi nahi izan du udal ordezkariak. «Egoerak ez du gehiegi okerrera egin, kolonia berriak topatu dituzte, baina ez dira gehiegi zabaldu», argitu du zinegotziak, egoeraren larritasuna ukatu gabe «hala ere, kolonia horiek radikalizatu edo indartsuago egin dira».

Alde horretatik, Tecnaliak egindako azterlanaren arabera, Alde Zaharreko 157 elementu ikuskatu dituzte. Horietatik, zurezko egitura edo mistoak 126 zituzten, eta %20 inguruan topatu da termiten arrastoa. Izan ere, kasu batzuetan arrastoa aktiboa da. Hau da, lanean ari dira gaur egun. Beste batzuetan, aldiz, garai batean hunkitutako egiturak dira, baina gaur egun ez daude bertan. «Pipiak bezalako beste intsektu batzuekin alderatuta, termitek gaitasuna dute egurraren itxura kanpotik ez ukitzeko, baina barrualdetik jan eta hustutzeko», azaldu du Urtizbereak. Horregatik garrantzitsua da argitzea noraino hunkituak dauden egiturak.

Aipatutako diagnostiko hau osatzeko, behe solairuetan egin dituzte ikuskapenak. «Termitek habiak lur azpian egiten dituzte, eta hortik abiatzen dira eraikinetatra egurra jatera, beraz, behetik gorako bidea egiten dutenez, beheko solairuak libre dauden eraikinetan ez dute goragoko azterketarik egin behar izan», argitu du zinegotziak. Diagnostikoaren arabera, Alde Zaharreko eraikinen %20 batean topatu dituzte arrastoak. Baina adituen kezka nagusia, eta beraz, esku-hartu beharrekoa habiak dira. 

Habiak han eta hemen

Zentzu horretan, termiten kontzentrazio handiena Kale Nagusiaren inguruetan dago. Baina udal ordezkariak argitu du, horrek ez duela esanahi bertako etxebizitzak direnik kaltetuenak. Izan ere, bertan lau eraikinetan baizik ez dituzte termiten arrastoak atzeman. Baina termiten lur azpiko habien kasuan, Kasino Zaharreko lorategietan, parrokian eremuan, Murrua kaleko tamarindoetan eta Arma Plaza alboko berdegunean (Hostal Zaragoza dagoen eraikina) daude. «Hala ere, termitak Alde Zahar osoa zipriztindua dago, nahiko kapritxosoak dira», azpimarratu du Estitxu Urtizbereak. 

Horregatik, hain zuzen, behin diagnostikoaren txostena daukatela, eta bizilagunak informatu dituztela, eremu osoan esku-hartzeko faseari ekingo diote. Esan bezala, leku zehatzetan atzeman dituzten arren, koloniak sortu eta hedatu ohi direlako. «Argi daukagu Leiba Generalaren inguruan adibidez oso garbia dagoela dena, baina eremu osoan esku hartu beharko dute berdin», azpimarratu du.

Alde Zaharrean bezala, aurrerantzean Portua auzoan ere 2014 urtean egindako azterlana eguneratu egin beharko dute gaur egungo egoera zein den argitzeko. Hala ere, izurria akabatuta ere, termitak ingurumenean daudela, eta hiriguneetan egurra dagoen lekuetara hedatu ohi direla gogoratzen du zinegotziak. Beraz, aurrerantzean kontrolak egin beharko direlakoan dago, kolonia berriak sortu ahala neurriak garaiz hartu ahal izateko.