Gau Beltzaren euskal tradizioa berreskuratuko dute Hondarribian urriaren 31n

Koldo Nausia

Euskara Mahaiak proposatuta, Gau Beltzaren ospakizuna berreskuratuko dute aurten Hondarribian. Urriaren 31n azken urteetan errotu den Haloween kutsu arrotzaren aldean, euskal mitologia eta tradizioan oinarritutako desfilea egingo dute argiak itzalita Alde Zaharrean barrena, eta Gipuzkoa plazan dantzan eta kantuz ospatuko duten ekitaldian herriko hainbat eragile inplikatu dira. Aurretik ere, haur, familia eta gazteentzako ekintzak egingo dituzte Sainduan eta Muliaten.

Azken urteetan Haloween ospakizun arrotza herrian errotu egin dela ohartuta, Hondarribiko Euskara Mahaiak Gau Beltza berreskuratzea erabaki du aurten. Herriko hainbat eragile inplikatu dira, Euskal Herriko tradizioan oinarrituta urriaren 31n komunitatea indartu eta euskararen erabilera bultzatzeko ekimen honetan. Izan ere, Garoa Lekuona Euskara Saileko hautetsiak gogoratu duenez, «eskolatik kanpo, kalean ere, erabilera sustatzeko euskara aisialdiarekin eta ondo pasatzearekin lotzea» izan da Euskara Mahaian hartutako konpromisoetako bat.

Alde horretatik, euskal mitologia eta usadioak ere badu urriaren 31ra begirako sasoiko bere ospakizuna. Eta euskararen bueltan eta euskal tradizioarekin bat eginez, hau herrian bidelagun anitz bilatu ditu Hondarribiko Udalak. Batetik, azken urteetako dinamikak aldatzeko, eta bestetik Gau Beltzaren herri mailako aparteko ospakizuna antolatzeko. 

Herriko arima galduen desfilea

Lekuonak argitu du, azken urteetan haur eta familia askorentzat Muliaten ospatzen zen Haloween kutsuko erreferentziazko ospakizuna egokitzeko proposamena luzatu zitzaiola Muliateko Auzo Elkarteari. Hauek begirunez hartu zuten «logikoa eta beharrezkoa» zela ulertuta. Eta heldu den urriaren 31n 16:30etik haur eta familiei zuzendutako jarduerak proposatuko dituzte, ipuin kontalariak, beldurraren tunela eta mozorro lehiaketa batekin. 

Bestalde, Saindua Gaztelekuak ere hainbat ekintza proposatu ohi ditu egun horretan, eta aurten gazteentzako Beldurraren Etxea eta txokolatada antolatuko dute, baina Haloween kutsua alboratu eta euskal mitologian oinarrituta. 

Hala ere, berritasun nagusia 19:30etik aurrera izango da Alde Zaharrean. «Herrian txoko egokia dugu Gau Beltza hor ospatzeko, eta Alde Zaharreko sarreratik abiatuta desfile bat egingo da argiak itzlita, eta euskal mitologiari lotutako hainbat beldurrezko pertsonaiekin batera», iragarri du Garoa Lekuonak. Haatik, Euskara Saileko zinegotziak aditzera eman duenez, ekitaldi nagusia Gipuzkoa Plazan izango da, kantuz, dantzaz eta musikaz gidatuta. Antolakuntzan herriko eragile asko inplikatu direla nabarmendu du, «ikastetxeekin lanketa egin dugu ezinbestekoak direlako, baina herriko abesbatzak, Mugiri edo Emeki elkarteek ere bat egin dute, eta Euskara Mahaian parte hartzen ez duten hainbat eragilek ere parte hartuko dute».

Bestalde, motorrak berotu eta prestaketa lanetarako zenbait tailer antolatu dituzte. Aste honetan jada, Alde Zaharreko desfilean erabiliko dituzten kriseiluak egiteko tailerra egin dute, baita aurpegia margotzen ikastekoa ere. Baina urriaren 23an (17:00etan) kriseiluak egin eta Gau Beltzerako jantziak prestatzeko tailerra egingo dute Muliaten. Eta urriaren 30ean (17:30ean) Gipuzkoa Plazako ekitaldian erabiliko diren kalabaza edo kuiak prestatzeko tailerra egingo dute Kultur Etxean. Lekuonak argitu duenez, Gau Beltzaren ospakizunaz harago, komunitatea sortu eta jendeari baliabideak eskaini behar zitzaizkiola pentsatu baitute.