Urriaren 1ean indarrean sartu ziren Ekialdebuseko aldaketek ezinegona sortu dute Hondarribian. Irunen, Pasaian edo Trintxerpen ere mobilizazioak eta sinadura bilketak antolatu dituzte kolektibo ezberdinek. Baina hondarribiarrek ibilgailu pribatuaren alternatiba besterik ez dutenez, autobusen berrantolaketaren eraginez, lehen asteotan «familia askoren bizi proiektua eta logistika hankaz gora jarri da, eta gaizki pasatzen ari dira herritar askok egunerokoan». Horixe bera salatu zuen Garoa Lekuona Hondarribiko EH Bilduko bozeramaileak irailaren 30eko Udal Osoko Bilkuran.
Emakida indarrean sartu aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundiak zenbait egokitzapen iragarri zituen arren, EAJ-PNVrekin adostutako mozioa defendatu zuen Lekuonak udalbatzan, «errefortzu batzuk jarri direlako, baina oinarrizko mamian ez delako aldatu». Zerbitzuen maiztasuna da arazoa haien esanetan, eta hurrengo 10 urteko zerbitzuaren kontratua dela kontuan hartuta, zuzendu beharrekoa.
Hala, udalbatzako gai zerrendaren aldaketa eskatu zuten EAJ eta EH Bilduk azken mementoan, eta hasieran talde guztiek begirunez hartzen zuten testua bozkatu beharrean, PSE-EE udal taldea abstenitu egin zen azkenean. Mozioa aurkeztu zuten alderdi politikoen «oportunismo politikoa» salatu zuen Noemi Odriozola sozialistak. Eta aldundiari ezinegona adierazi zaionean, edota erabiltzaileen partetik eskaera berriak jaso dituztenean, Azahara Dominguez foru diputatu sozialistak iradokizun guztiak aintzat hartu eta «entzuketa aktiboa» egin duela defendatu zuen.
Udal gobernu talde nagusiak, Abotsanitzek, alde bozkatu bazuen ere, Igor Enparan alkateak mozioa defendatuko zuela aditzera eman zuen. «Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean defendatuko dut, noski, baina elkarlanetik egingo dut», esan zuen, azken urteetan Mugikortasun departamenduarekin eta Azahara Dominguez foru diputatuarekin harremana azkarra eta eraginkorra izan dela nabarmenduz.
Alkatearen arabera, «herritarren kexuen berri jaso bezain pronto, egun batetik besterako bilera eskatu eta aldaketak egiteko konpromisoa adierazi zion foru diputatuak». Eta bistan denez, zerbitzu berriak martxan jarri eta datuen azterketekin hasiko zirela hitz eman zion, eta «ahal diren guztietan hobekuntzak egiteko, onerako borondatearekin».
Hala ere, asteak joan dira mozioa onartu zenetik, eta Hondarribiko EAJ herritarrek eta auzo elkarteek adierazi duten ezinegonarekin bat egiteaz gain, Azahara Dominguezek bideratutako Mugikortasun sailak hartutako erabakiez kexu da, eta jeltzaleek galdera zehatz bat zuzendu diote alkateari: «Udalak bidali al dio dagoeneko Mugikortasun Sailari osoko bilkuran onartutako eskaera?».
EAJren arabera, autobus zerbitzua hobetzea «premiazkoa» da, eta egokitzapenak lehenbailehen egiteko beharra azpimarratu dute, «garraio publikoa pertsonen bizimodura egokitu behar da, eta ez alderantziz». Zehazki, Donostia eta Hondarribia zuzenean lotzen dituen autobusaren maiztasuna ez murriztea, eta Hondarribia eta Irun artekoa lehen bezala mantentzea eskatu zuten EAJ-PNVk eta EH Bilduk adostutako mozioan. Kalixa Silanes EAJko hautetsiak zehaztu zuenez, batetik BI02 (lehengo Donostiarako E21) gutxienean 45 minutukoa izatea, (orain arte bezala) eta 30 minutukoa izateko lanketa abiatzea eskatu dute. Eta bestetik, BI05 (lehengo E25) linea 15 minutuko maiztasuna eduki dezan Irun-Hondarribia lotzeko. Izan ere, Garoa Lekuonak oroitarazi zuenez, «hondarribiarren %70a herritik kanpora doa lanera edo ikastera, eta autobusa da garraio publiko bakarra herrian».