"Bularretik ehundutako aitortzak" dokumentala proiektatuko dute Itsas Etxean ostiralean

Antxeta Irratia

Bularreko Minbiziaren Munduko Egunari lotutako ekimenen baitan, Hondarribiko Udalak bularreko minbizia pairatu duten Leitzako bost emakumeren testigantzak jasotzen dituen "Bularretik ehundutako aitortzak" dokumentalaren proiekzioa antolatu du urriaren 23an, 19:00tan Itsas Etxea auditoriumean. Sarrera doakoa da, baina gonbidapenak aldez aurretik eskuratu behar dira Arma Plazan edota Internet bidez.

 

Urriaren 19an Bularreko Minbiziaren Munduko Eguna zela eta, adierazpen instituzional bateratua plazaratu zuen Hondarribiko Udalak. Baina Abotsanitz, EAJ, EH Bildu eta PSEk, udal talde politiko guztiek adostutako adierazpenetatik harago, Kultura arloak gaia gizarteratzeko eta kontzientzia sortzeko helburuarekin, bularreko minbizia pairatu duten Leitzako bost emakumeren testigantzak jasotzen dituen "Bularretik ehundutako aitortzak" dokumentalaren proiekzioa antolatu du urriaren 23an. 

Dokumentalak, minbiziaren errealitateari ikusgarritasuna eman nahi dio. Amaia Iparragirrek zuzendutako lan honetan, lekukotasunak eta mediku espezialisten iritziekin batera, errelatoak eta memoriak emakume bakoitzak aukeratutako toki kuttunetan grabatu zituzten, baita familia kideenak nahiz espezialistenak ere. Protagonistak Izaskun Iparragirre Baleztena, Esther Riaño Zabaleta, Edurne Lamuedra Rodriguez, Jaione Zabalo Juantorena eta Edurne Mutuberria Estanga dira.

Hondarribiko Udalak aditzera eman duenez, proiekzioa dohainik izango da, baina sarrera gonbidapenak aldez aurretik eskuratu behar dira. Arma Plazan egin daiteke aurrez aurre, edota Internet bidez hemen sakatuta. Sarrerak soberan geratuko balira, egunean berean, proiekzioa hasi baino ordubete lehenago jaso daitezke Itsas Etxeko leihatilan.