Hondarribiko bale ehizaren historia ezagutzeko hitzaldia antolatu dute Obispo Hotelean

Antxeta Irratia

Pia Alkain arkeologoa gonbidatu du Zumardikoak elkarteak baleen industria arkeologiaren ikuspegitik aurkezteko. «Ternuatik Hondarribira. Baleen negozioa arkeologiaren bidez» hitzaldia Obispo Hotelean izango da azaroaren 4an, 19:00etan, ate zabalik.

Zumardikoak elkarteak «Ternuatik Hondarribira. Baleen negozioa arkeologiaren bidez» hitzaldia antolatu du azaroaren 4an (19:00tan) Alde Zaharreko Obispo Hotelean. Pia Alkain arkeologoak Hondarribiak bere historian izan duen baleen industrian izan duen garrantzia eta harremana aztertuko du arkeologiaren ikuspegitik. Baleen ehizak eta horri lotutako negozioak izan zuen eragina ezagutzeko aukera emango du hitzaldiak, herriko iragana eta itsas-ondarea hobeto ulertzeko. Hitzaldia gaztelaniaz izango dela iragarri dute, eta ate zabalik izango da.

Hondarribiko herriaren historian eta garapen ekonomikoan ezinbestekoa izan zen baleren ehiza. Euskaldunak izan ziren baleak ehizatzen lehenak, gero beren produktuak saltzeko, eta bost mendetan zehar haien merkataritza menderatu zuten, Ipar Atlantikoko bazter urrunenetan ehizatuz eta Hego Atlantikora ere iritsiz. Baleen ehiza industria oso bat bilakatu zen XVI. mendearen amaiera eta XVII. mendearen hasieran, orduan harrapatu baitzuten gehien. Hain justu, Euskal Baleaz edo Atlantikoko Balea Frankoaz (Eubalaena glacialis). 

Baina Kantauriko kostaldeko baleen ehizaren erreferentzia zaharrena, Espainiako Archivo Histórico Nacionalean kontserbatua, 1190eko ekainaren 10eko dokumentua da, 1180 urtean Nafarroako Antso Jakituna erregeak Donostiari, bere Foruan, "carga de boquinas (barbas de ballenas) 2 denarios" kobratzeko pribilegioa eman zioenekoa. Beranduago Gaztelako Alfontso VIII.ak berretsia, 1203an Hondarribiari Donostiak zituen pribilegio berberak eman zizkion erregeak.

Balearen olioaren merkataritzak hain garrantzi ekonomiko handia hartu zuen kostaldeko herrietan, ezen haien ehizako baleak edo eszenak zigilu eta armarrietan irudikatu baitziren azkenean. Gure eskualdean, Hondarribiko armarrian ez ezik, Hendaiakoan ere.