Hondarribiarrak «zaila» ikusten zuen sariaren lorpena. Izan ere “Miguel Hernández” sariketan ez zen inoiz euskarako lanik garaile suertatu, eta aspaldian ez zela irabazle gaztelania ez zen bertze hizkuntza batean sortutako lanik. Usteak uste, jada hilabete pasa da Zubeldiak garaipenaren berri izan zuenetik, eta aitortu digu «sustoa» eta «pozaren» arteko sentsazio horretatik, jada bere burua «kokatuagoa» ikusten duela berri honen aitzinean.
Oholtza eta papera, paraleloan
Kontra-ren idazketa eta Mejillon Tigreren Hitz esana emanaldia paraleloan sortu zirela onartu digu hondarribiarrak. Aspalditik idazten zuen Zubeldiak; baina momentu batean, paraleloki ikusi zuen bere burua poesia «bi adierazpide desberdinetan» praktikatzen, idazlearen «bi alde desberdin» azaleratuz.
Batetik, Mejillonen «poesia aldarrikatzaileago, zuzenago eta orokorrean diskurtsiboago» bat bereizi du idazleak, eta bestetik, Zubeldia beraren behar batetik sortutako poesia «apalago» eta «isilagoa». Biak, paraleloan sortuak.
Hortaz gain, aipatu du buruan sortzen diren lan edo gai horientzat «ongi pentsatu behar dela zein garraiobide den onena irakurleari emateko», eta kasu honetan, argi zeukan «Kontra-n jasotako poemak horrela partekatu» nahi zituela, alegia, «liburu baterako izan behar zirela».
‘Kontra egotea da ukitzea’
Bere jaioterrian, Hondarribian otu zitzaion Zubeldiari kontraren kontzeptua, baita paisaiak edo urak hartuko zuten tokia ere. Bi eta hiru urte arteko prozesu luzean ondu zituen olerkiak, «horrelako lanek denbora asko» behar baitute bere erranetan. «Poemak okurritzen zaizkizu, baina bilduma bat osatzeko lana, gehien kostatzen dena da».
Zubeldiak, idaztean eta idazketa hori partekatzeko asmoa duenean, badu abiapuntu bat: «Nire ustez idazle bat, norbere gauzak partekatzeaz harago, saiatu behar da jasotako hizkuntza berritzen, berritzen zentzu batekin».
Horrela, kontra hitzaren bere zentzu berrira hurbiltzen gaitu idazleak poema liburuan. Zentzu berri hau ukimenarekin lotu du, gorputza eta mugimenduarekin, dantza garaikidearekin:
«Kontrak konnotazio oso konkretuak ditu. Sonoroki izaera fuerte bat dauka. Interesgarria da beste buelta bat ematea. Dantza garaikidea egiten dut, askotan tokatzen zait jendearen kontra bermatuta egotea. Pisua, kontrapisua… hori guztia negoziatzen. Kontra egotea ez da beti talka frontal eta momentu bakarreko bat, baizik eta etengabeko ukimen horretan ere badagoela kontra egote bat; negoziazio bat, gauza malguago eta askoz konplexuago bat».
Kontzeptualizazioaz harago, hizkuntza «bigun mantentzeko» saiakera batetik ere idatzi zuen Zubeldiak. «Gaur egungo gizartean ikusten nuen polarizatzen ari direla jarrerak, diskurtsoak… hizkuntza ere gogortzen ari da». Hitzek beraz, badute nolabaiteko zentzu eraldatzaile bat beregan. Hala ere, hizkuntza bigun mantentze horretan, hitz bigunez osatutako paisaiak azaltzen dira hondarribiarraren poesian. Hitzek sortzen dituzten paisaiek, eta paisaiek sortzen dituzten hitzek garatzen dute Zubeldiaren iruditegia:
«Nire lanean uste dut paisaiak orokorrean garrantzi handia duela, eragiten duelako egunerokoan zer ikusten duzun edo nondik ibiltzen zaren. Poesiaren kasuan bada zerbait oso bisuala, oso irudietatik abiatzen dena, zentzumenetatik. Nigan eragin zuzena du behintzat, nire idazketan».
Txakur idazlea
Kultura arloan, aurtengoa urte oparoa izan da hondarribiarrarentzat. “Miguel Hernández” saria jasotzeaz gain, Datorren udan ez gara hemen biziko (Elkar) narrazio bilduma kaleratu baitu. Sei ipuin bildu ditu guztira, eta «ipuin bakoitzak unibertso txiki eta berezi bat dauka bere barruan». Ipuinen sorkuntza aipatzerako orduan, berriz ere azaldu da irudiaren aipamena. «Beti abiatu izan naiz irudietatik, eta gertakizun laburretatik. Hori luzatzea narrazio bat osatzeraino, ariketa interesgarria izan da».
Poesia egitetik narrazioa egitera emandako saltoan, bere “txakur idazle” sena mantendu duela aitortu digu gazteak. Iñigo Astizi entzuna, bi idazle mota daudela aipatu digu hondarribiarrak. Txakur idazleak batetik, usain bati edo intuizioari segika ibiltzen direnak; eta idazle detektibeak bestetik, egitura guztiak ondo pentsatu eta gero idazten hasten direnak. «Txakur idazle peto-petoa» da Ane Zubeldia:
«Abiapuntua intuizioa da. Gero erreferentziak hartzen hasi nintzen; hainbat liburu, estilo edo forma. Collage handi bat ere egin nuen. Argazkiekin, testurekin eta testu zatiekin. Hori izan da nire aingura, collage hori elikatzen joatea, intuiziotik. Gero uztea ipuin bakoitzaren unibertsoa loditu zedin nire barruan. Nik nire barruan idazten dut asko eta bukaeran idazten dut fisikoki».
Itsasoan mezu batekin noraezean dagoen botila
Poeta baten legez, metafora batekin adierazi digu olerkigileak bi argitalpen hauekiko daukan ikuspegia. Eskertuta eta pozik dago liburuek eduki duten harrerarekin eta partekatzeko aukerarekin. Baita Kontra-k egin duen bidearekin ere. «Liburu batek zuzeneko batek ez bezala, ez dakizu ze bide egiten duen. Zuzeneko bat egiten duzunean badakizu ze jende etorri den, ea jende asko etorri den, ea ez den inor etorri, ea ze erredakzio eduki duen jendeak. Liburu batekin, zuk botatzen duzu botila bat itsasora mezuarekin eta ez dakizu noraino doan».
Horrela, botilan utzitako mezu guztiekin «ustuta» sentitu dela aitortu digu idazleak, tarte batez ez daukala «zer esanik». «Idazketak bizipenak eta esateko duzuna agortzen» dizkizulako. Hala ere, beretzat idaztea «sahiestezina» da, eta ateratzen dena ez du mozten, hori hartzen saiatzen da. «Pixkanaka idazten hasten zara berriz, presio handirik ez jartzen, helburu zehatzik gabe».
Irudia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA