Alfonso Sastre omenduko du Hondarribiak haren jaiotzaren mendeurrenean

Koldo Nausia

Bere bizitza intelektuala eta artisitikoa ezagutzara emateko erakusketa intimoa antolatu dute Arma Plazan. Eta azaroan zehar, idazle, dramaturgo eta editorearen figura omentzeko "Torturaren zutoin beltza" liburuaren aurkezpena eta "El hijo unico de Guillermo Tell" irakurketa dramatizatua egingo dute. Hilaren 21ean, aldiz, azken agurra eta omenaldia prestatu dute senide eta lagunek Hondarribiko hilerrian, eta bere errautsek Saseta komandantearen eta José Bergamín idazlearen hilobien ondoan atseden hartuko dute.

Alfonso Sastre Salvador (Madril, 1926 – Hondarribia, 2021) idazle, dramaturgo, gidoigile eta editorea zendu zela bost urte bete dira irailaren 17an, eta aurten 100 urte betetzen dira jaio zela. Mendeurrena kontuan hartuta, Hondarribian «Alfonso Sastre 100 urte» erakusketa antolatu dute Arma Plazan bere lagun eta senideek. Azaroaren 30a arte bisita daiteke, eta bere bizitza intelektual eta artistikoan zehar egindako ibilbide baten bidez, erakusketak idazlearen atzean dagoen gizona, kulturarekiko eta gizartearekiko konpromisoa eta dramaturgiari egin dion ekarpena ezagutzera gonbidatzen du.

Juan Sastrek, artistaren semeak azaldu duenez, «antzerki-lanen argazkiak, etxean egindako marrazkiak eta olio-pinturak izango dira ikusgai, baita haren lan-txokoaren birsorkuntza ere». Erakusketa-ibilbidea argazki bilduma baten inguruan egituratzen da, eta bere bizitzako unerik esanguratsuenak errepasatzeko aukera ematen du. Alfonso Sastreren lehen urteetatik hasi eta bere ibilbide pertsonal eta profesionalaren etapa ezberdinetaraino. Eta objektu pertsonalen bilduma batek osatzen du ibilbide hau, «erakusketari dimentsio intimoa eta egunerokoa» emanez.

Hilabete osoko egitaraua

Gainera, Zuloaga etxeko liburutegian erakusketa monografikoa antolatu dute, eta haren idazmakina liburutegian geratuko da modu iraunkorrean. Tamara Sastre, Alfonsoren bilobak iragarri duenez, hainbat ekitaldi proposatuko dituzte paraleloki. Azaroaren 17an (19:00) Udal Liburutegian bertan, "Torturaren zutoin beltza" liburuaren aurkezpena egingo dute. Fito Rodriguezek aurkeztuko du liburua, Ramon Agirre aktorearen laguntzarekin. Argitalpenak torturaren aurkako salaketa zuzena eta irmoa jasotzen du Sastreren antzerki-lanaren bidez.

Bestalde, azaroaren 19an (19:00) "El hijo unico de Guillermo Tell" irakurketa dramatizatua egingo dute Arma Plazan, Mikel Sarriegik zuzenduta. Haurrentzako obra izan arren, irakurketa eta hausnarketa ugari eskaintzen ditu. Sastrek Guillermo Tellen kondaira haur baten begiradatik berrinterpretatzen du, kultura patriarkalari buruzko kritika planteatuz. Independentziaren eta heroiaren sinbolo den pertsonaia etxeko aitaren rolera ekartzen du, ohiko kontakizunaren beste ikuspegi bat eskaintzeko.

Konpromiso sozial eta politikoa

XX. mendeko gaztelaniazko antzerkiaren funtsezko figura izan zen Alfonso Sastre. Madrilen mundura sortua, 70. hamarkadatik Hondarribian bizi zen Sastre, eta asko dira bere bizitza luzean zehar Hondarribitik egin eta argitaratutako lanak. Besteak beste, 1986an Antzerkiaren Sari Nazionala jaso zuen. Baina Ortzi Alonso Kultura zinegotziak bere ibilbideaz gain, bere «gizatasuna» nabarmendu du. 

Alde horretatik, egilearen konpromiso sozial eta etikoa gogoan hartu dute ekimenean parte hartzen dute lagunek ere. Anjel Alkainek gogoratu du, 80. hamarkadan Euskal Herrira bisitan etorri zenean familiari harrera egin ziotela, eta «bere dimentsio artistikoa gero ezagututa ere, garai hartako giroa zein zen kontuan hartuta, bere konpromiso politikoa» gogoratzen du bereziki. Ortzi Alonsok gogoratu duenez, literaturak injustiziak salatzeko eta kontzientziak astintzeko duen ahalmenaren adibide dela Sastreren kasuan, baina militantzia horren ondorioak ere pairatu behar izan zituela. 

2014an ere omenaldi ekitaldia antolatu zuten Itsas Etxean, eta 2008an udaletxeko areto nagusian ere. Eta 2021eko otsailean, 95 urte bete baino egun gutxi lehenago, ‘Zutoin Beltza’ antzezlanarekin batera Sastre eta bere bikotekide zen Eva Foresti omenaldia egin zitzaion.

Azken agurra

Oraingo honetan, aldiz, antolatutako ekitaldi eta erakusketarekin batera, Alfonso Sastreri azken agurra emateko aukera izango da. Senideek iragarri dutenez, azaroaren 21ean bere errautsak Hondarribiko hilerrian atseden hartuko dute betiko. Omenaldia hilerriaren kanpoaldean hasiko da 11:00etan, bertsolari, musikari eta hainbat lagunen parte-hartzearekin. Ondoren, bertaratutakoak hilerrira sartuko dira, txistulariek lagunduta. Eta behin barruan, senide batek Sastreren poema bat errezitatuko du, eta haren errautsak Saseta komandantearen eta José Bergamín idazlearen hilobien ondoan utziko dituzte. Ekitaldiari amaiera emateko, eskultura bat jarriko dute oroigarri gisa.