Gaur egungo energia-ereduan kontsumitzaile pasibo izatetik kontsumitzen den energiaren gaineko erabakietan parte hartzen duten eragile aktibo izatera igarotzeko urratsa egin nahi du Hondarribiko Udalak. Horretarako, energia berriztagarria modu kolektiboan sortu, kudeatu eta partekatzeko aukera eskaintzen dute energia-komunitateek. Eta Hondarribiak energia-burujabetzaren aldeko apustua egiteko planteamendua egin du udalak.
Iazko urrian, tokiko energia-komunitate baten funtzionamenduaren inguruko azalpenak, onurak eta parte hartzeko aukerak azaltzeko saioak antolatu zituzten. Eta saio horiek izandako arrakasta eta interesa ikusirik, aurten Hondarribiak energia kontsumo jasangarriaren bidean beste pausu berri bat ematea erabaki du. «Azken batean Hondarribiko Udala laguntzaile eta bultzatzaile izan daiteke, baina herritarren borondatearen arabera sortuko da energia-komunitatea ala ez da sortuko», argitu du Garoa Lekuona Ingurumen zinegotziak.
Gogoratu duenez, 2025eko saioetan eta urtean zehar antolatutako tailerretan, herritarrek, auzo-elkarteek eta jarduera ekonomikoetako ordezkariek energiaren inguruko hainbat gai lantzeko aukera izan zuten. Eta oraingoan, herritarrak, merkatariak, ostalariak eta interesa duten hondarribiar guztiak animatu nahi ditu «energia-komunitate bat sortzeko aukera erreala izan dadin», prozesuan parte hartzera.
Zinegotziak azaldu duenez, energia-komunitate baten bidez, energiarekin loturiko egitasmo ezberdinak burutu daitezke, baina guztietan aipagarriena, herri mailako autokontsumo partekatuko instalazio fotovoltaikoak martxan jartzearena da. Hau da, herri mailako teilatu batean egindako instalazio batetik komunitateko kide diren herritar eta herriko enpresa txikiei energia berriztagarria sortu, kudeatu eta komunitateko kideen artean partekatzeko aukera ematen dien egitura. «Eredu horrek argindarraren fakturan aurrezteko aukera eskaintzen du, eta, aldi berean, gizarte-kohesioa indartzea, ingurumena zaintzea eta herriaren subiranotasun energetikoa sendotzea ditu helburu», azpimarratu du Lekuonak.
Hiru saio komunitatea eratzeko bidean
Horretarako hiru saio antolatu dituzte Itsas Etxean, azaroaren 18an, abenduaren 10ean eta 16an, energia-komunitate bat zer den azaldu, proiektuari forma eman eta energia-komunitatea sortzeko. Udalak argitu duenez, energia-komunitatearen funtzionamendua eta kostuak ezagutzeaz gain, antolaketa-eredua lantzeko eta komunitatea sortzeko beharrezko urratsak zehazteko balioko dute saio hauek. Azaroak 18ko saioan, eredu ezberdinak ezagutu, komunitatea sortzeko prozesuaren egutegia eta horrek dakartzan kostuak azalduko dituzte. Abenduaren 10ean, aldiz, energia-komunitatea ntolatzeko aukerak eta beharrezko karguak eta funtzioak aurkeztuko dira. Komunitatean parte hartu nahi duten pertsonek elkar ezagutzeko aukera izango dute bertan, eta izena eta logotipoa aukeratzeko proposamenak jasoko dituzte. Eta azkenik, abenduak 16ko saioan, energia-komunitatea eratzeko beharrezko izapideak eta aurrera begirako urratsak zehaztuko dituzte.
Saio guztiak Itsas Etxea auditoriumean izango dira, 18:00etan. Eta parte hartu nahi duten herritarrek aldez aurretik izena eman beharko dute, horretarako www.hondarribia.eus webgunean eskuragarri dagoen formularioaren bidez.